Innobasqueren tartea

Oso ondo baliatutako berrogeita hamar ordu!

Hazinnova programak laguntza ematen die berrikuntza txikiak ezarri nahi dituzten enpresa txikiei. Horien emaitzak hiru hilabetean ikus daitezke. Horixe da Metalúrgica de Bengoetxeren kasua. Galdakaoko enpresa horrek Hazinnovara jo zuen bere jarduera osoa tailer bakar batean biltzeko.

Metalúrgica de Bengoetxe enpresak, Hazzinova programan parte hartu du. INNOBASQUE
2022ko apirilaren 26a
16:07
Entzun

Teknologia berriak indarrean sartzeak eta haien ahalmen agorrezinak behar bezain argi utzi ez balute ere, azken bi urteotan pandemiak, krisi logistikoak eta inflazioak agerian utzi dute enpresek eraginkorragoak izan behar dutela beren prozesu eta sail guztietan. Birpentsatu egin behar dira. Aztertu egin behar dira, eta ikusi zertan eta nola hobetu behar duten haien lehiakortasuna bermatzeko. Bestela esanda, berritu egin behar da.

ETE-ek eta mikroETE-ek berrikuntza beren jardueran sar dezaten, Eusko Jaurlaritzak Hazinnova programa abiarazi zuen 2019an. Programa horrek berrogeita hamar orduko doako aholkularitza zerbitzua eskaintzen die bost langile baino gehiagoko enpresei, proiektu txikiak abian jar ditzaten. Programa espresuki pentsatuta dago fabrikazioaren, logistikaren, merkaturatzearen edo administrazioaren eta finantzen arloetan hiru hilabetean emaitza egiaztagarriak erakuts ditzaketen egitasmoetarako. Hori bideragarria da enpresa parte hartzaileak bere jarduera garatzen duen sektorean eta merkatuan esperientzia duen aholkularitza enpresa eta eragile baten lankidetzari esker.

Programan parte hartu duten 437 enpresen artean arrakasta izan duten enpresetako bat Metalúrgica de Bengoetxe da: lau urte daramatza burdinazko, altzairuzko eta ferroaleaziozko piezak eta makineria egiten. Konpainia Bolueta Engineering Group taldean sartuta dago gaur egun; 25 langile ditu, eta Galdakaoko hainbat tailerretan egiten du bere jarduera. Eta hortxe, batere praktikoa ez zen antolaketa horretan, aurkitu zuen, hain zuzen ere, hobekuntza.

Zehazki, mandrilak eta goihabeak fabrikatzen zituzten, eta errepide batek bereizten zituen bi tailerrei erreparatu zien, eta haietako bat baztertzea erabaki zuen, bai eta ordura arte materiala pabiloi batetik bestera eramateko egin beharreko joan-etorrietan alferrik galdutako denbora eta ahalegina ere. Pentsatzea erraza da, baina egitea beste kontu bat da.

Jarduera batetik bestera eraman eta kontzentratzea arrakastatsua izan zedin, kontu handiz berregituratu behar zen produkzio osoa hartuko zuen fabrika. Eskuragarri zegoen espazioa ahalik eta gehien nola baliatu aztertu behar zen, prozesuen fluxua naturaltasunez eman zedin eta langileek beren zeregina ahalik eta efizientzia, erosotasun eta segurtasun handienaz egin zezaten. Hau da, fabrika osatzen duten elementu eta espazio komun guztiek (makinak, lan estazioak, biltegiratze eremuak, korridoreak…) engranaje ezin hobea osatu behar zuten, eta, gainera, etorkizunean prozesu edo ekipamendu berriak sartzeko aukera eman behar zuten.

Hazinnova programaren barruan, Metalúrgica de Bengoetxek berregituraketa proiektua aurkeztu ahal izan zion LKS kanpoko aholkularitza enpresari. LKSk, produkzio prozesuak eta premia posibleak aztertu ostean, hainbat berrikuntza garrantzitsu gehitu zizkion hasierako proposamenari. Horretarako, adituek hainbat alderdi (besteak beste, fabrikaren banaketa, materialen fluxua, piezak egiteko prozesua, azken urteetako salmentak eta berehalako aurreikuspenak) aztertu zituzten, enpresako arduradunekin batera etorkizuneko premiak zehazteko. Ondoren, Hazinnova agentearekin batera (kasu honetan FVEM, Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntza), ezarpen plana definitu zuten, eta, plan horri esker, fabrikaren funtzionamendua optimizatu ahal izan dute, aurreikusi zen bezalaxe.

Hazinnova Eusko Jaurlaritzaren programa bat da, eta Spri Taldeak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak kudeatzen dute. Hirugarren aldi honetan, proposamenak aurkezteko epea abenduaren 1era arte egongo da zabalik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.