Teknologia

Muskek badu bere armada

Twitter haren esku geratuko da oso-osorik, operazioa burutzeko finantzaketa ziurtatu ostean

Munduko pertsona aberatsen zerrendetan lehena azaltzen da Elon Musk enpresari hegoafrikarra. ALEXANDER BECHER (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 26a
17:17
Entzun

Zer egin daiteke 40.500 milioi eurorekin? Posible izango balitz, armada bat erosi; adibidez, Frantziarena. Eliseoak diru kopuru hori erabili zuen gastu militarrean 2020an. 40.500 milioi euro. Herrialde bat osorik erosterik balego, diru horrekin, besteak beste, Tunisia, Paraguai, Estonia edo Islandia erosi ahalko lirateke, eta beste hainbat, eta bat baino gehiago, gainera; izan ere, mundu osoko 106 herrialdek kopuru horretatik beherako aberastasuna (BPG) sortu zuten 2020an. Bada, munduko pertsonarik aberatsentzat jotzen denak, Elon Muskek, dirutza hori jarri du Twitter erosteko.

Sare sozialen aroan, Twitter ez da erabiltzaile gehien dituen plataforma —217 milioi egunero—, ezta errentagarriena ere —ez du irabazirik lortu azkenengo hamar urteetatik zortzitan—, baina zeregin nabarmena du iritzi publikoaren konfigurazioan. Buruzagi politikoek euren asmoetarako megafono bihurtu dute, eta norbanakoek zein enpresek euren irudiak hobetzeko, eta, bereziki, irabaziak handitzeko.

Muskek berak etekin ekonomiko handia atera die bere txioei. Hala egin zuen 2018an bere enpresa kuttunarekin, Tesla auto elektrikoen ekoizlearekin —ikusi hemen Musken beste proiektuak—. Gainerako inbestitzaileekin adostu gabe, bere kabuz iragarri zuen Teslaren akzio guztiak erosteko asmoa zuela, eta izugarri garestitu zen horien prezioa: isuna jarri zioten gezurra esateagatik. Duela aste batzuk kriptodiruaren inguruan zabaldutako mezuek ere eragin nabaria izan zuten dibisa horien balioan.

Asmoak, ikusteko

Muskek ez du erabat argitu nola eta zertarako erabiliko duen bere esku geratuko den are soziala. Oso kritiko agertu da konpainiak hartu dituen erabakiekin eta erabiltzaile batzuen jokabidearekin, eta esan du norabide berri bat eman nahi diola horri, «egiazko adierazpen askatasunaren plaza» bihurtu nahi duela Twitter.

Aurreratu du, besteak beste, algoritmoak kode irekikoak izango direla, robotek gidatutako kontuak ezabatuko dituela eta kontu guztiak benetakoak izatea ziurtatuko dela. Sare sozialetik kanporatutakoak itzuli ahalko direla ere iradoki du: Donald Trump AEBetako presidente ohia, esaterako. Hark, baina, ez du sare sozialera bueltatzeko asmorik. «Espero dut Elonek Twitter erostea, hobetuko duelako eta gizon ona delako, baina ni Truthen geratuko naiz [berak sortutako sare soziala da Truth]», esan du Fox telebista katean.

Twitterren jabe eginda, zein asmo ekonomiko dituen ere ez dago argi, baina, saltzaileen arabera, ez dirudi ariketa espekulatibo hutsa denik. Jack Dorseyk, Twitterren sortzaile eta joan den azarora arte enpresaren kontseilari ordezkari izandakoak, konpainia pertsona bakar baten esku geratzea babestu du, modu horretan sare soziala burtsatik kanpo geratuko litzatekeelako. «Twitter enpresa gisa beti izan da arazo bat niretzat, Wall Streeten eta publizitate interesen esku dagoelako. Arazoa konpontzeko, irtenbide berezi bat iruditzen zait Elonena. Haren helburua fidagarria da, eta oso inklusiboa», adierazi du txio batean.

Musk munduko pertsonarik aberatsena da, Bloombergen zerrendaren arabera. Hala ere, 3.000 milioi euro baino ez ditu eskudirutan. Baina konpainia erosteko bermea dauka: 20.000 milioi bere poltsikotik aterako ditu, eta gainerakoa, maileguen bitartez lortuko du. Dirua nork utziko dion ziurtatuta dauka: Morgan Stanley inbertsio bankua, eta harekin batera beste erakunde batzuk: Bank of America, Barclays, MUFG, Societe Generale, Mizuho Bank eta BNP Paribas. Maileguengatik ordaindu beharko dituen interesak ere ez dira txikiak izango: kalkulatzen da Twitterrek 1.000 milioi eta 1.200 milioi dolar artean ordaindu beharko dituela urtean. Iaz 200 milioi eurotik gorako galerak izan zituen konpainiak, eta 2020an, 1.300 milioi eurokoak. Zorrak pilatzen ari zaizkio; aitzitik, Metak —lehengo Facebook— 36.500 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz.

Musk urte hasieran hasi zen Twitter osorik erosteko prozesuarekin, baina apiril hasierara arte ez zen ezer jakin. Akzioen %9 erosia zuen ordurako, eta lehen akzioduna zen, Saudi Arabiako Waleed bin Talal al-Saud printzearen (%5,2) eta Jack Dorsey fundatzailearen (%2,4) gainetik.

Sare sozialik garestiena

2022an, Bill Gatesek (Microsoft) Activision Blizzard bideo jokoen ekoizlea erosi zuen, 66.000 milioi euroren truke. Baina Muskena izango da sare sozial batengatik gehien ordaindu den operazioa. 2006an, Googlek (Sundar Pichaik) Youtube erosi zuen, 1.550 milioitan. 2012an, Mark Zuckerbergek (Facebook) Instagram erosi zuen, 950 milioi eurorengatik, eta 2014an, Whatsapp, 18.000 milioiren truke. Eta 2016an Microsoftek LinkedIn, 24.000 milioirengatik. Oso azpitik daude ohiko komunikabideen erosketak. Jeff Bezosek (Amazon) The Washington Post erosi zuen 2013an, 230 milioitan, eta Marc Benioffek (Salesforce), Time aldizkaria, 2018an, 180 milioiren truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.