Lesbianen ikusgaitasuna zabaltzearen garrantzia azpimarratu dute euskal instituzioek

Ikusgaitasuna bultzatzeko horma irudi kolektiboa egin dute, Iruñean, NABIk eta Dekumas LBTek.

Iruñean egindako horma irudi kolektiboa. NAFARROAKO GOBERNUA
Olaia L. Garaialde.
2022ko apirilaren 26a
17:19
Entzun

Lesbianen Ikusgaitasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta, Lesbiana ikusgaiak lelopean, horma irudi kolektiboa antolatu dute NABI Nafarroako Berdintasun Institutuak eta Dekumas LBT elkarteak, Iruñeko Sarasate pasalekuan. «Instituzio publikoek espazioa eman behar diegu emakume lesbianei kolektiboaren barruan ikusgaitasun gutxiago izan dutelako», esan du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Horrez gain, helburuaz ere mintzatu da: «Helburua da lesbianen ikusgaitasuna aldarrikatzea, eta haien espazioa aldarrikatzea; hala nola kaleetan, bizitza publikoan, sozialean, lanean eta familian».

Eva Isturizek, NABIko zuzendariak adierazi du dibertsitatean hezi behar dela, eta memorian jarri du arreta: «Emakume lesbianen memoria berreskuratu behar dugu, haien lanak eta ekintzek hobeto ulertzeko eta erreferenteak izateko».

Gaurko egunak ibilbide «laburra» duen eguna dela esan du Maria Mal Dekumas LBT elkarteko kideak: «Egunarekiko jakintasunik ezak eta ikusgaitasunik ezak eragiten du gutxi ospatzea; horrek agerian uzten du emakume lesbianek bizi duten ikusgaitasun sozialik eza».

Horma irudia irudia kolektiboa da; hortaz, 20:00ak arte edonork parte hartu dezake bertan ageri diren lesbianen gorputzak margotuz. Horrez gain, #emakumeakmaitedituztenemakumeak sare sozialetan zabalduz ere parte hartu daiteke.

Horma irudiaz gain, Remirezek iragarri du Kattalingunek LGTBI+ kolektiboko pertsonei arreta emateko bulego berriak izanen dituela Lizarran eta Tafallan.

Bilboko Udalak ere lesbianen ikusgaitasuna zabaltzearen garrantzia azpimarratu du, eta sentsibilizaziorako kanpaina berriak eginen dituztela esan du. «Gaur egun, oraindik, leku askotan emakume askok ezin dute esan lesbianak direla», esan du Nekane Alonso Bilboko Berdintasun zinegotziak. Horrez gain, ikusgaitasuna bultzatzeko «ardura publikoa» adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.