Myanmar

Aung San Suu Kyiri bost urteko beste espetxe zigor bat ezarri dio Myanmarko Junta Militarrak

Myanmarko Estatu Kontseilari kargugabetua egozten dizkioten ustelkeria kasuetako bategatik zigortu dute. Etxeko atxiloaldian da iazko otsailean militarrek agintea hartu zutenetik.

Suu Kyiren askatasuna eskatzeko protesta bat Yangonen, iazko otsailean. STRINGER / EFE
2022ko apirilaren 27a
10:15
Entzun

Myanmarko Junta Militarrak beste behin zigortu du Aung San Suu Kyi. Estatu kontseilari kargugabetu eta Bakearen Nobel saridunari hainbat delitu egozten dizkiote, eta oraingoan ustelkeria kasu bategatik bost urteko kartzela zigor bat ezarri diote. Kasu honetan, Yangoneko gobernadoreak emandako 565.000 euro eta 11,4 kilo urre onartzeagatik kondenatu dute.

Aung San Suu Kyi etxeko atxiloaldian da iazko otsailean militarrek agintea hartu zutenetik, eta han beteko du jaso berri duen kondena hori ere. Aurretik bi urteko beste bi zigor jaso ditu, eta oraindik beste hainbat delituri egin behar die aurre. Hortaz, denera ehun urte pasatxoko espetxealdira zigortu lezakete agintari ohia gerora jakinaraziko dituzten sententzien bitartez.

Egungo egoera politikoak azken hamarkadako gertakariak ditu oinarri. 2011n, militarrek onartu egin zuten boterea partekatzea, eta 2015ean hauteskundeak antolatu zituzten, ia mende erdi iraun zuen diktaduraren osteko lehenak. Boz horietan, Bakearen Nobel saridunaren NLD Demokraziarako Liga Nazionalak lortu zuen ordezkaritzarik handiena, eta iazko azaroan ere alde handiz irabazi zituen bozak, 440 eserlekutik 258 bilduta. Militarren arabera, ordea, «iruzurra» egin zuten hitzordu horretan, nahiz eta hauteskunde batzordeak behin eta berriz ziurtatu duen ez zela halakorik gertatu.

Hala, herrialdeko agintea hartzea erabaki zuten iaz, konstituzioko artikulu batean oinarrituta: 417.ak armadari esku hartzeko baimena ematen dio «Myanmarko batasunaren suntsitzea gerarazteko». Nazioarteko komunitateak salatu zuen militarrek kolpetik eten zutela «trantsizio demokratikorako abiaturiko» bidea.

Diktaduraren aurkako sinboloa

Aung San Suu Kyi Myanmarko diktadura militarraren kontrako sinbolo bat da, eta borroka horrengatik jaso zuen Bakearen Nobel saria, 1991n; zehazki, «kontzientzia demokratikoa pizteko eta giza eskubideak defenditzeko egindako lanagatik».

Erresuma Batuan egin zituen ikasketak, eta 1980ko hamarkadaren amaieran itzuli zen Myanmarrera. Demokraziaren aldeko mugimendu baketsuetan hartu zuen parte, NLD alderdiaren barruan.

1990eko hauteskundeetan, NLDk botoen %59 lortu zituen. Aung San Suu Kyi lehen ministro izatekotan zela, armadak baliorik gabe utzi zituen bozak, eta etxeko atxiloaldia ezarri zioten NLDko buruzagiari, 2011ra arte.

2015eko bozen ostetik Estatu kontseilari kargua zuen Aung San Suu Kyik. Agintaldian kritika dezente izan ditu, batez ere rohingyen jazarpenagatik. Izan ere, 2017an, etnia horretako herritarren kontrako errepresio kanpaina bat abiatu zuen Myanmarko armadak; NBEren arabera, 25.000 hildako eta 725.000 desplazatu eragin zituen operazioak. «Garbiketa etnikoa» egitea ere leporatu zioten.

Horren ondorioz, Nazioarteko Zigor Auzitegiak Myanmarren kontrako epaiketa hasi zuen 2020. urtean, genozidioagatik, eta Aung San Suu Kyi aritu zen estatuaren defentsa zuzentzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.