Enpresak

Iberdrolaren Espainiako adarrari irabaziak txikitu zaizkio

Argindar konpainiak 1.058 milioi euroren mozkina egin du lehen hiruhilekoan, %3 gehiago, baina nazioarteko negozioen ondorio dela ziurtatu du. Sanchez Galanek argindarra merkatzeko sistema kritikatu du, eta hari esker faktura %30 merkatuko dela iragarri du Teresa Ribera ministroak.

Ignacio Sanchez Galan, apiril hasierako irudi batean. CHEMA MOYA / EFE
Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 27a
10:47
Entzun

Argindarra inoizko garestien egonda, konpainia elektrikoak dirutza egiten ari direla uste zabaldua da, ez soilik herritarren artean, baita haien irabazi batzuk —zerutik eroritako irabaziak— gutxitu nahi dituzten gobernuen aldetik. Iberdrolaren kasuan baieztatu egin da uste hori —1.028 milioi euro irabazi ditu 2022ko lehen hiruhilekoan—, baina ñabardura batzuekin. Bilbon egoitza duen konpainiak ziurtatu du Espainiako adarraren mozkina —hor daude Euskal Herriko bezeroak— asko jaitsi dela iazko urte hasierarekin alderatuta (-%29), eta arrazoi bat eman du: beren bezero askori ez diela pasarazi argindar garestiaren kostua.

Agiri baten bitartez, Iberdrolak ziurtatu du merkatu librean dituen bezeroei argindarra aurretik finkatuta zegoen prezioan ordainarazi diela, eta, hortaz, azken hilabeteetako garestitzeak ez diela eragin. Hau da, kontratuak bete dituela, gehienetan urtebeterako prezio finkoa ematen baitute. Horren ondorioz, «Iberdrolako merkatu libreko bezeroen energiaren %80 tarifa arautuan daudenen erdia edo heren bat txikiagoa izan da».

Berez, handizkako merkatuko prezioa, orduro eta egunero berritzen den hori, PVPC tarifa arautua duten kontsumitzaileek ordaintzen dute, merkatuaren %40 inguru. PVPCn egon behar dute, esaterako, bonu soziala jasotzen duten herritarrek —Iberdrolaren kasuan, Cur Energia adarrean—, baina horiek jasotzen duten deskontua %60ra handitu zuen udazkenean Espainiako Gobernuak, eta, horren ondorioz, haien fakturak nahiko egonkor daude.

Iberdrolak nabarmendu du nazioartean konpentsatu duela Espainiako adarraren irabazien beherakada, eta bi filial aipatu ditu: AEBetako Avangridek %33 gehiago irabazi du, eta Brasilgo Neonergiak, berriz, %20 gehiago.

Nazioartean egin ditu inbertsioen %80 ere: %32 AEBetan, %18 Brasilen, eta %15 Erresuma Batuan. Hiruhileko horretan, 2.100 milioi euroren inbertsioak egin ditu, gehien-gehienak sare azkarrak zabaltzeko eta berriztagarriak bultzatzeko. Azken adar horretan 1.121 milioi inbertitu ditu, 3.500 megawatt, eta jada 38.300 megawatteko gaitasuna du parke eolikoetan, fotovoltaikoetan eta beste berriztagarrietan. Beste 7.500 megawatt ditu eraikitzen, eta 90.000 megawatteko proiektuak lantzen ari da.

Iberdrolak azaldu du energia berriztagarrien ekoizpena txikia izan dela urtearen hasieran, eta Cofrentesko zentral nuklearra (Valentzia) aste batzuetan geratu behar izan zuela, eta, horren ondorioz, merkatuan 4,5 terawatt-ordu erosi behar izan zituela, argindarra garesti egon den aldi batean.

Edonola ere, Iberdrolak espero du aurten inoiz baino diru gehiago irabaziko duela, 4.000 eta 4.200 milioi euro artean —iaz 3.884 milioi euroren mozkina izan zuen—. Bost arrazoi jakinarazi ditu emaitzen hobekuntza azaltzeko: aurten 3.800 megawatteko ekoizpen gaitasuna jarriko duela; banaketa sareak hobetuko dituela; inbertsioek AEBetako eta Brasilgo merkatuetan mozkinak handituko dituela; dibisen trukeak mozkinak emango dizkiela; eta Erresuma Batuan irabazi tarteak handituko dituela.

Sistema berriaz kexu

Konpainiak ez du ezkutatu ez dagoela gustura «Espainian araudiari buruzko ziurgabetasunarekin». Iberdrolari eta beste argindar konpainia handiei leporatu diete arrakastarik gabe Europako Batasunean presio egin izana Espainiak eta Portugalek ez zezaten baimenik izan gasari gehienezko prezio bat jartzeko, eta Ignacio Sanchez Galan presidenteak ez du aukerarik galtzen PVPCren erreforma eskatzeko, prezio finkoagoak dituen tarifa bat bihur dadin eta haiek ez konpentsatu behar izateko bonu soziala.

Analistekin izandako elkarrizketa batean, Sanchez Galan argi eta garbi mintzatu da Iberiar penintsulako argindar merkaturako konponbideaz. Ukatu egin du EBk salbuespen iberiarra onartzeko emandako argudio nagusia —«ez da uharte energetiko bat»—, eta «irtenbide komunak» eskatu ditu, «erregimen bereziak edo salbuespenezkoak» sortu beharrean.

Sanchez Galanek berriro gezurtatu du argindar konpainiek zerutik eroritako irabaziak jasotzen dituztela ziklo konbinatuko zentralen prezioan kobratzen dutelako iturri merkeagoen ekoizpena. eta ziurtatu du aparteko irabazi tarteak gas eta petrolio konpainiek jasotzen dutela, «eta ez enpresa elektrikoek».

Edonola ere, Sanchez Galanek uste du Iberdrolari «inolako eraginik» ez diola egingo argindarra ekoizteko gasari gehienez 50 euroren prezioa jartzeak.

%30 merkeago

Iberdrolako buruak ez bezala, Teresa Ribera Trantsizio Energetikorako ministroak defendatu egin du Bruselan lortutako akordioa. «Oso ona da», argindarra merkatzeaz gain, inflazioa txikituko duelako eta ekonomian eragin positiboa izango duelako.

Haren kalkuluen arabera, sistema indarrean jartzen denean, maiatzean, argindarra batez beste %30 merkatuko zaie PVPC tarifa arautuan daudenei. Herritar arruntak ez ezik, industriak ere aterako dio etekina: «Geure industriak kontsumitzen duen energiaren %70 ez baitago kontratu luzeen menpe».

RNEri egindako adierazpenetan, Riberak onartu du gasarentzat prezio merkeagoa proposatu zutela, 30 euro gas megawatt ordu bakoitzeko, baina trukean beste zerbait lortu dutela nabarmendu du: «Hamabi hilabetez ezartzea, hasieran hiru edo bederatzi hilabeteen ordez. Gauza ona da, egonkortasuna ematen digulako hurrengo negurako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.