Kolonbia

«Errugabeak hil genituen, eta armak jarri genizkien eskuetan»

Kolonbiako militarrek lehen aldiz hitz egin dute positibo faltsuen auziaz. Biktimen aurrean azaldu dute nola hiltzen zituzten gatazkarekin zerikusirik ez zuten nekazariak, ondoren gerrillariak zirela esan eta Gobernuaren saria jasotzeko.

Hainbat pertsona Bake Jurisdikzio Bereziaren egoitzaren aurrean protestan, 2018, Mario Montoya jeneral ohia 'positibo faltsuez' deklaratzen ari zen bitartean. MAURICIO DUEñAS CASTAñEDA, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko apirilaren 27a
13:35
Entzun

Kolonbiako armadako militarrek lehen aldiz hitz egin dute positibo faltsuen auziaz. Kolonbiako gatazkako atal latzenetako bat izan zen, zeinetan militarrek gatazkarekin zerikusirik ez zuten pertsonak hil zituzten, ondoren gerrillariak zirela esan eta Gobernuak horiek hiltzeagatik ematen zien saria jasotzeko. «Presio itzela genuen goitik», dio Nestor Guillermo Gutierrez militarrak orain. Positibo faltsuak lau hamarkadatan izan badira ere, 1978tik orain arte, 2000ko hamarkadan ugaritu ziren. Bake Jurisdikzio Bereziaren arabera (JEP), 2002 eta 2008 urteen artean, Alvaro Uribe presidente zela, 6.402 pertsona hil zituzten modu horretara Kolonbiako militarrek, guztiak nekazariak, indigenak eta ekintzaile sozialak. «Antzerki bat zen», gaineratu du Gutierrezek.

JEP Kolonbiako bake akordioaren ondorioz sortu zen auzitegia da, eta justizia trantsizionalaren ardura du. Besteak beste, positibo faltsuen auzia ikertzen ari da. Auzitegi trantsizional bat izanik, JEPk ez du epairik ematen, baina egia ezagutaraztea du helburu. Atzo jardunaldi batean hamar militar eta positibo faltsuen auziko ehun biktima jarri zituen aurrez aurre, Catatumbon. Lehenbizikoz azaldu dute militarrek nola egiten zuten muntaia: «Ez da erraza hemen biktimen aurrean egotea. Ez dut justifikatuko. Errugabeak hil genituen, nekazariak. Nik hil nituen hemen daudenen senideak, gezurrak erabiliz, tiro eginez eta esku batean arma bat jarriz borroka bat izan zela esateko, gerrillariak zirela esateko, familia horren izena zikintzeko, deuseztatzeko, haurrak gurasorik gabe uzteko, gurasoak seme-alabarik gabe uzteko», aitortu du Gutierrezek. Daldadier Rivera maiorrak azaldu zuen arma horiek operazio faltsuak eta positibo faltsuak sortzeko aurkitu zuen zulo batetik atera zituela berak, 2006an. Barkamena eskatu zien biktimei atzoko jardunaldian.

Estatuaren politikaren ondorio

JEPk iazko uztailean ebatzi zuen Kolonbiako estatuaren politikaren ondorio bat izan zirelapositibo faltsuak.Gobernuak gerrillari kopuru bat hiltzera bultzatzen zituen militarrak, eta horren truke dirua, baimenak eta mailaz igotzea eskaintzen zien. Auzian nahasturiko kargurik altuena Alvaro Uribe presidente ohia da, nahiz eta positibo faltsuen berri zuenik ukatzen duen. Berarekin batera, Camilo Ospina eta Juan Manuel Santos Defentsa ministroei (azken hori presidente izan zen 2010etik 2018ra), zortzi jenerali, bi koroneli eta beste hiru kargu militarrei leporatzen zaie gerrillariak hiltzeko kuota sistema ezartzea. Denek ukatu egiten dute. Kolonbiako armadak argudiatzen du kuota sistema hori ez zela orokorra izan eta «sagar ustel» batzuen kontua zela.

2021eko abenduan 21 militarrek eta zibil batek onartu zuten 247 errugabe hil zituztela ondoren gerrillariak zirela esateko. Orain arte, ordea, ez da atzo bezain besteko xehetasunik izan militarren aldetik positibo faltsuen auzian. Une honetan, gainera, auzia puri-purian dago, pasa den martxoaren 28an Kolonbiako armadak Putumayon hil zituen 11 pertsonetatik hiru zibilak zirelako eta hasieran batean gerrillariak zirela esan zutelako.

JEPren ikerketa agerian ari da uzten Kolonbiako estatua izan zela Kolonbiako gatazkan biktimagile nagusienetako bat. Guztira 220.000 pertsona hil ziren 60 urte iraun zituen gatazka horretan. Egiaren Batzordeak maiatzean argitaratuko du urte horien memoria izateko asmo duen txostena. Kolonbiar askorentzat, baina, estatuak bere errua aitortzea ez da nahikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.