Musika

Pantxoa Karrerek 'Esperantzan' eman du, bere bakarkako bigarren diskoa

Tradizioa, folka eta popa uztartu ditu hamabi kantuko bilduman. Hainbat musikari gonbidatu ditu lanean parte hartzera, eta zuzenean aurkezteari ekingo dio orain.

Pantxoa Karrere abeslaria, 'Esperantzan' disko berria eskuetan hartuta, Donostian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2022ko apirilaren 27a
16:48
Entzun

Azaletik igar daiteke barruko mamia: zeru grisaren pean, lur ilunean, moztutako enbor bat ageri da, eta, bertatik jaioa bezala, lore hori bat gainean. «Neguko egoera bat da, baina haren ondotik beti heldu da primadera», gogorarazi du Pantxoa Karrerek. Esperantzan izena jarri dio kantariak bakarkako bere bigarren lanari. «Mundu honek bizi duen egoera ez da irri egitekoa; egoera nahasia da, eta, hala ere, bizi garenok beti esperantzari lotu behar gara, itotzen ari den bat arbolaren adarrari lotzen den bezala. Izpiritu horretan egina da diskoa». Baga Biga diskoetxearen eskutik plazaratu du hamabi kantuko bilduma.

Bost hamarkada dira Karrerek (Azkaine, Lapurdi, 1948) kantagintzari ekin ziola, Peio Ospitalekin Pantxoa eta Peio bikotea osatuta. Elkarrekin 11 disko luze eta ezin konta ahala kontzertu eman ondotik, 2016an bakarkako ibilbidea hasi zuen Karrerek, Anaitasunean (Elkar) diskoa plazaratuta. Bigarren lanean, itxaropena jarri du ardatzean. «Nik beti esperantza dut mundu hobeago bat ukaiten ahal dugula, eta, horretan, gazteengan konfiantza badut; horiek dute eginen mundua. Guri geratzen zaigu horien ondoan laguntzaile egotea; nik gazteen ondoan nahi dut borrokatu mundu hobeago batentzat».

Berak ere hainbat lagun ondoan izan ditu lan berria osatzeko. Ritxi Salaberria (baxua eta kontrabaxua), Igor Telletxea (bateria eta perkusioak), Angel Unzu (gitarra akustikoa eta elektrikoa, mandolina eta bouzoukia), Iñaki Dieguez (akordeoia, pianoa, teklatuak, programazioak), Claudia Oses (biolina) eta Ivan Carmona (txeloa) musikariekin grabatu du diskoa, Josu Erbitik Iruñean duen estudioan. Guztiak ere maila handiko musikariak direla goraipatu, eta kantu guztien moldaketak lantzen Dieguezek eginiko lana nabarmendu du Karrerek.

Horiez gain, baina, beste lagun batzuk ere gonbidatu ditu diskoan parte hartzera. Eñaut Elorrieta musikariak bere ahotsa jarri du Esperantzan kantuan. Bere familian Elorrietaren zale handiak direla azaldu du Karrerek, eta hari parte hartzeko proposamena egin zionean, gustura hartu zuela musikariak. «Grabatu genuen egunean, plazer hartu genuen biok. Eñauten ahotsak ez du diskoa hobetu baizik egin, eta biziki kontent naiz». Xabier Euzkitzek sortu dizkio hitzak abesti horri, baina ahotsa, berriz, beste bati jarri dio, Xalbadorren Pilota, euskal jokoa izenekoari. «Niretzat argia zen Euzkitze zela pertsona egokia. Xalbadorrek kantu horretan lotura egiten du pilotaren eta euskararen artean, eta badakit Euzkitze nola atxikia den euskarari».

Kantariaren seme Ugo Karrere arduratu da abesti horren doinua eta beste birena ontzeaz. Kantuan ere aritu da beste kantu batzuetan, baita Naia Karrere alaba ere.

Halaber, Manex Pagola bereziki gogoan izan du Karrerek. 2018. urtean hil zen Pagola, eta beretzat autore «oso garrantzitsua» izan dela adierazi du. Hark sortutako lau kantu jaso ditu diskoan —Demokrazia, Zendako euskara, Ez etsi eta Amets baten hegalez—, eta, bukaeran, Manex beti gogoan izeneko piezan, beste lau kantatu ditu, jarraian emanez. Patxi Garat abeslariak bere ahotsa jarri dio Zendako euskara kantuari.

Renaud eta Perret, euskaraz

Frantsesez abesten duten bi kantariren hiru pieza ere diskora eraman ditu Karrerek, eta euskaraz eman. Sustrai Colinak euskaratu ditu Renaud Sechanen Mistral Gagnant eta Haurdun kantuen hitzak —Bi itzal abestiaren hitzak ere Colinarenak dira—. Karrere: «Beti segitu dut Renauden diskografia guztia. Bere hitzetan nire burua ikusten dut; ez da bakarrik kantari bat, gizon konprometitua izan da bere bizi guztian».

Aguxtin Alkhatek, berriz, Pierre Perreten Lily abestiaren lerroak itzuli ditu. Etorkin batek Europan duen bizitza zaila du hizpide. «Migratzaileak ez ditugu beti, zorigaitzez, humanitatez hartzen, ez diegu beti behar bezalako harrera egiten», salatu du Karrerek.

«Argitasuna» dario diskoari, Baga Bigako Ritxi Aizpuruen ustez. Haren hitzetan, Karrerek tradizioa, folka eta popa uztartzen asmatu du lan berrian, eta urteotan bere ahotsaren «fintasuna» gorde duela ere nabarmendu du.

Orain, lana zuzenean aurkezteari ekingo dio Karrerek. Igandean Legazpin (Gipuzkoa) ariko da, Legorretan (Gipuzkoa) maiatzaren 14an, eta herriz herri ibiltzeko asmoa du hortik aurrera ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.