Euskalgintza

Nafarroan euskal hiztunen eskubideen alde egin dute hamar gizarte eragilek

Adierazpen bateratua aurkeztu dute, eta bat egin dute Kontseiluak maiatzaren 7rako Iruñean deitutako manifestazioarekin, eskubideak guztientzat berma daitezela aldarrikatzearekin batera

Adierazpen bateratua aurkeztu den elkarteetako ordezkariak. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko apirilaren 27a
20:12
Entzun

«Harriduraz hartzen dugu Nafarroan euskal hiztunek pairatzen duten, dugun, egiturazko bereizkeria». Arratsaldean, Iruñean, hainbat esparrutan eskubideen berdintasunaren alde lan egiten duten hamar eragilek adierazpen bateratua aurkeztu dute. Euren eremuetan politika inklusiboak garatu daitezela eskatzen duten bezala, euskararen arloan ere euskal hiztunen eskubideak berma daitezela aldarrikatu dute. Izan ere, «ulertezina eta onartezina» iritzi diote oro har Nafarroan euskararen egoerari,eta horren aurrean euskaldunak are gehiago baztertzeko azkenaldian hartzen ari diren neurriei.

Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat du izenburu adierazpenak. Feminismoaren esparruan, ekologismoan, bestelako jai ereduan, sexu aniztasunean, pentsio duinen aldeko borrokan edo gazteen esparruan dihardute elkarte sinatzaileek. Oraingoz hamarrek izenpetu dute baina hurrengo egunetan erakunde gehiagok bat egitea espero dute.

Atxikimendua adierazi dutenen artean daude Auzoak Iruñeko jai batzordeen plataforma, Geltokik, Saharako Kabiak elkarteak. Teatrolari antzerki eskolak, Oneka emakume pentsiodunen plataformak, Nafarroako Neska Gazteak, Euskal Herriko Bilgune feministak, Orreaga fundazioak, Ernaik eta AHT Gelditu Nafarroan taldeak. Azken talde horretako kide Bea Aranak irakurri du agiria guztioen izenean.

Adierazpenean, gizartearen ertzetatik eskubideen berdintasunaren aldeko aldarriak batzen dituela nabarmendu nahi izan dute. Hain zuzen ere zubi-lan horretan datza agiri bateratuaren indar eta mezu nagusia. «Aliantza berriak eraikitzeko garaia da. Egoera gutxituan dauden kolektiboen arteko zubiak eraiki behar ditugu. Beste gizarte eredu berdinzaleago, kohesionatuago eta bidezkoago baten alde lan egiten dugunon arteko enpatiak ehundu behar ditugu», irakurri du Bea Aranak. Izan ere, euren hitzetan, egungo gizartea antolatuta dagoen moduaren arabera, bazterrean kokatzen dituzte erdigunean beste eredu baten alde egiten dutenek.

Hala ere, uste dute badela garaia «ertzetatik erdigunerako bidea egiteko». Berdintasunaren aldeko borroka horretan, adierazpen horren bitartez, euskal hiztunek Nafarroan bizi duten bereizkeria salatu nahi izan dute batez ere. «Ulergaitza ez ezik, ulertezina egiten da eskubideak eskualdearen arabera aitortzea. Ez genuke onartuko gure esparruetan pertsona kopuruaren arabera zehaztea eskubideak aitortu behar diren ere». Euren esparruetan irizpide hori aintzat hartzen ez duten bezala, euskararen ereduan ere «onartezina» deritzote hori egiteari.

Dekretuagatik «kezka handia»

Izan ere, «kezka handia» azaldu dute Nafarroako Gobernua administrazio publikoko lan deialdietan euskararen meritua baloratzeko proposatu duen dekretuarekin. Ez dute dekretuaren xehetasunetan sartu nahi izan, baina bai kezkagarria iruditzen zaie Nafarroakoak ez diren hizkuntzek euskarari baino «garrantzia handiagoa ematea».

Adierazpenak azpimarratzen duenez, politika publikoek «beste norabide batean» jokatu beharko lukete. Sinatzaileen arabera, «herritar guztien eskubideen bermea ardatz izango duten politika feministak, inklusiboak, ekologistak, solidarioak, aurrerakoiak, baina bai eta hizkuntz politikan ere».

Manifestazioa, maiatzaren 7an

Hori guztia aintzat harturik, Kontseiluaren deialdiarekin bat egin eta datorren maiatzaren 7rako Iruñean, 17:30etatik aurrera, Antoniutti parketik aterako den manifestazioan parte hartzeko animatu dituzte herritarrak. Euren ustez, salagarria da euskal hiztunekin gertatzen ari den gutxiespena. Gizarte mugimenduez gain, sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin. Iragan astean, gainera, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak gobernuaren dekretuaren aurkako 1.200 sinadura erregistratu eta aurkeztu zituen.

Alta, gizarte eragileek aurkeztutako agiria ez da mugatzen manifestaziora soilik eta aurrera begirako lanketa baten lehen urratsa izateko itxaropena agertu dute. Espero dute balioko duela ehuntzeko herritar guztientzako eskubideen bermearen aldeko borroka: «Seguru gaude, bide honi jarraituz, berandu baino lehen berriz agertu beharko dugula».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.