Osasuna

Bularreko minbizia, zortzi andretik batek

Gaixotasunari buruzko topaketa bat martxan da Donostian, eta ikerketa indartu behar dela nabarmendu dute bertan parte hartzen ari diren adituek

arantxa iraola
2022ko apirilaren 28a
16:05
Entzun

Bularreko minbiziaren arloko ikertzaileen Geicam elkarteak antolatuko nazioarteko topaketa egiten ari dira Donostian, eta, eritasun hori hobeto ulertze aldera, ikerketan lan handia egin behar dela nabarmendu dute. Parte hartu dute, besteak beste, Osakidetzako hainbat profesionalek, eta gaur goizean kazetarien aurrean egin duten agerraldian solastatu dira, adibidez, Ander Urrutikoetxea eta Isabel Alvarez Lopez onkologoak. Gaitzaren prebalentzia handiaz ohartarazi dute; egungo datuen arabera, zortzi andretik batek bularreko minbizia garatuko du noizbait. Hego Euskal Herrian bertan, esaterako, urtean 2.200 kasu inguru diagnostikatzen dituzte.

Minbiziak izateko arriskua, oro har, adinarekin handitu egiten da, eta populazioaren adina gora doan heinean bularreko minbiziaren kasuak ugaritzeko arriskua ere handiagoa dela ohartarazi dute. Datu baikorrak ere eman dituzte, ordea. Urrutikoetxeak nabarmendu du bularreko tumoreei lotutako hilgarritasun tasa urtez urte %1 apaltzen ari dela, eta pronostikoa ere askotan ona izaten dela: «Diagnostikoa egin eta bost urtera bizirik egoten dira pazienteen %80». Ehun gaixotik bat gizona izaten da, baina, oro har, andreen gaitza izaten da bularreko minbizia. Esan dute emakumeak oraindik «gazteak» direnean izaten direla diagnostiko gehienak, batez beste 60 urte dituztenean, eta toki hainbatetan, Gipuzkoan bertan esaterako, «galdutako bizitza urte potentzial» gehienen kausa minbizi hau izaten dela. Horiek horrela, diagnostikoetan zein tratamenduan hobera egiten jarraitzea ezinbestekoa dela gogorarazi dute.

Tratamenduetan gero eta doiago jardutea xede garrantzitsua dela nabarmendu du Alvarez Lopezek. »Gutxien behar dutenei tratamendua urritu nahi diegu, eta gehien behar dutenei, handitu; horretarako erremintak behar ditugu». Horiek «ikerketak» besterik ezin dituela ekarri nabarmendu du. Minbizia «hastapenetan» atzemanda pronostikoak oro har hobeak izaten direla gogoratu du, baina behin gaitza zabalduta ere, alegia «metastasia» egin ostean ere, gaitza «kroniko bihurtzeko» bide gero eta eraginkorragoak bilatzeko ahalegin etengabeetan ari direla, paziente horien «bizi kalitate ona» helburu.

Aitortu dute COVID-19aren izurriak ondorioak izan dituela bularreko minbizian ere. Osasun sistemek geratu egin behar izan zituzten baheketa sistemak, eta, hortaz, kasu batzuk ezin izan dira behar bezain garaiz atzeman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.