Klima larrialdia

Klima aldaketak zoonosiak erraztuko dituela iragarri dute

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, 2070erako, 15.000 birus transmisio berri egon daitezke ugaztunen berrantolatze eta mugimendu geografikoen ondorioz

Saguzar bat, hegan. JOXERRA AIHARTZA
inaki petxarroman
2022ko apirilaren 28a
16:40
Entzun

Hurrengo hamarkadak beroagoak izango dira klima aldaketaren ondorioz, eta gaixotasun gehiago ere egongo dira. Horixe iragarri zuen atzo Colin Carlson Georgetowneko Unibertsitateko ikertzaileak. EcoHealth Alliance AEBetako gobernuz kanpoko erakundeak eta unibertsitate horrek elkarlanean egindako ikerketaren aurkezpenean egin zuen iragarpen hori Carlsonek. Hain zuzen ere, bi graduko berotze bat hartu dute oinarri gisa, eta animalien balizko mugimenduen eredu ugari gurutzatu dituzte. Animalien birkokatze geografiko horrek gaixotasunak hedatuko ditu, eta gizakiengana iristeko arriskua iragarri dute, bereziki populazio dentsitate handiko zenbait eremutan, Afrika tropikalean eta Asiako hego-ekialdean, kasu.

3.319 ugaztun espezieren leku aldaketa posibleak aztertu dituzte, 2070erako izan daitezkeen klimen arabera. Litekeena da mugimendu batzuk jadanik martxan egotea, eta, horiekin batera, baita birusen transmisio batzuk ere. Hala, ikertzaileek ohartarazi dute aldaketa horiek saihetsezinak izan daitezkeela, nahiz eta klima berotzea bi gradutik behera geratu. Oraingoz, litekeena da prozesu horiek «oharkabean» gertatzen aritzea, George Albery ikerketaren egileetako batek jakinarazi duenez.

Animalien mugimendu horiek animalia komunitate berriak sortuko ditu, eta, beraz, haien arteko lotura eta harreman berriak. «Gaixotasun berriak sor ditzakeen mekanismo berri eta potentzialki suntsitzaile bat sor dezake horrek, eta etorkizunean animalien populazioen osasunarentzako mehatxu bat izateaz gain, gure osasunean ere eragina izan dezake», ñabartu du.

Horregatik, animalien mugimenduak ikertu eta zaintzeko beharra azpimarratu zuen, pertsonen osasunean izan daitezkeen ondorioak saihestu eta hura babesteko azpiegiturak sortzeko. Ikertzaileek jakinarazi dute oraingoz lan hori ez dela egiten ari, eta horrek etorkizunean pandemia berriak ekar ditzake. Gutxienez 10.000 birus motak daukate gizakiak infektatzeko gaitasuna, baina, gaur egun, horietako gehienak ugaztunetan daude, egoera latentean.

Zoonosien lehen eragilea

Animalietatik gizakietara hedatuko diren gaixotasunen eragileetan lehena izango da, beraz, klima aldaketa, ikerketa horretan ondorioztatu dutenez. Beste eragile batzuk ere izango dira: deforestazioa, basa animalien salerosketa eta nekazaritza industriala. Zientzialariek eskatu dute bereziki erreparatzeko saguzarrei, uste baitute gizakiengana iristeko aukera handia duten birus ugari dituztela. Halaber, animalia basatien merkataritzak eta salerosketak duten arriskuaz jabetzeko eskatu dute. Bide batez, animalien gaixotasunen zaintza eta ingurumenaren aldaketen inguruko ikerketak aldi berean egiteko eskatu dute, prebentzio ariketa moduan. «Isatsik gabeko saguzar brasildar bat Appalacheetara iristen denean, jakin behar dugu zer birus daramatzan barruan. Hori baita kutsatze eta pandemia gehiago ez izateko modu bakarra», azaldu du Carlsonek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.