Lan gatazkak

Irizar e-mobilityko langileek auto karabana egin dute

Bost egun bete ditu langileen greba mugagabeak, lan itun baten alde

Irizar e-mobilityko langileen auto karabana, gaur goizean. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko apirilaren 29a
15:04
Entzun

Astelehenean hasi zuten mugarik gabeko greba Irizar e-mobility autobus elektrikoen enpresan, azken lau hilabeteetan zuzendaritzarekin izandako harremanetan aurrerako urratsak egin ez direla salatuta.

Bost dira grebalarien eskakizunak: lan beragatik soldata bera ordaintzea; enpresa uzten dutenen baldintzak duintzea eta berdintzea; kontziliazioa bermatzea; esfortzu fisiko handiko lanak eta arriskutsuak konpentsatzea; eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena kontuan hartzea itunean.

Eskakizun horiek aldarrikatzeko, auto karabana egin dute gaur goizean Buruntzaldean eta Tolosaldean barrena (Gipuzkoa). 65 bat auto abiatu dira Adunako lantegitik, eta Andoain, Urnieta, Tolosa eta inguruko beste herri batzuk zeharkatu dituzte.

Unai Goikoetxea ordezkariak Ataria-ri azaldutakoaren arabera, grebak oso erantzun zabala izan du. «Eskatzen duguna ez dugu gutxi batzuek eskatzen; denek eskatzen dugu». Greba hasi zenetik, Adunako lantegiaren aurrean bilduta daude langileak, eta giza kate bat osatzen dute norbaitek sartu nahi izanez gero. Astelehenean eta asteartean sartu ziren arduradun eta langile gutxi batzuk, baina asteazkenaz geroztik jarduera erabat etenda dago.

Grebak bost egun bete dituen arren, Goikoetxeak salatu du ez dutela harremanik izan zuzendaritzarekin. «Badirudi desagertuta dagoela, eta ez daukagu haien berri. Ez dute pausorik egin gatazka konpontzeko».

Irizar e-mobility Irizar taldeko enpresa bat da, SL sozietate mugatu bat, eta, 2017an lanean hasi arren, 2018ko maiatzean inauguratu zuten, ibilgailu elektrikoak egiteko, haien eskaria handitzen ari baita urtez urte. Irizar kooperatiba bat den arren, Adunako langile gehien-gehienak soldatapekoak dira, eta ez kooperatibistak. Enpresa batzordean, LABek zortzi kide ditu, eta ELAk, bakarra.

Lan gatazka dago Irizar taldeko beste enpresa batean, Alconzan (Berango, Bizkaia). Gaur 61. greba eguna bete dute hango langileek. Azken asteotan, 25 langile kaleratu dituzte, eta horiek berriz hartzeko eskatzen ari dira. Enpresa geldituta egon da, baina aste honetan berriz zabaldu dute, sindikatuak salatu duenez, grebarekin bat egin ez duten langileak erabilita.

E-mobilityko Goikoetxeak espero du haien gatazka ez dela hainbeste luzatuko. «Etorkizun oparoa duen enpresa bat da, eta espero dugu gurekin goizago mugituko direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.