Albistea entzun

Musika

Habi taldeak 'Helmuga' disko laburra argitaratu du

Bi kideek musikarekiko duten pasioaren isla dira diskoa osatzen duten lau kantuak. Gernikan aurkeztuko dute bihar.

Jon Ander Artola eta Yeray Gascon Habi taldeko kideak.
Jon Ander Artola eta Yeray Gascon Habi taldeko kideak. Jon Urbe/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2022ko apirilak 29

Musika dena da Yeray Gascon eta Jon Ander Artolarentzat. Pasio eta bizibide dute musika Habi taldeko kideek, eta hori bera islatu nahi izan dute lan berrian, hain zuzen ere: Helmuga argitaratu du taldeak, lau kantuz osatutako disko laburra. Orain arte urratutako bidean ikasitakoa eta bizitakoa jasotzen du diskoak: maitasun eta pasio guztia lau kantutan. Omenaldi bat da, finean, lau pilulatan banatuta. Binilo formatuan kaleratu dute soilik, eta bihar bertan hasiko dira zuzenean aurkezten.
Hiru urte dira Loratu estreinako diskoa plazaratu zutenetik, eta urteurren hori baliatu nahi izan dute orain estudioko laugarren lana kaleratzeko. «Esaten dugu Habi 2018an sortu zela, baina lehenengo diskoa argitaratu arte ez zen taldea gauzatu», azaldu du Yerai Gascon taldeko abeslari eta gitarristak. Orduz geroztik, disko luze bat eta single bikoitz bat argitaratu ditu bikoteak: Koloreak (2020) eta Arimak denboran (2021); azken hori Etxekalte taldearekin batera. Guztiak Elkar estudioan grabatu dituzte, Victor Sanchezen gidaritzapean.

Durangoko Azokan ezagutu zuten elkar Habi eta Etxekalte taldeko kideek, hain zuzen, eta orduan haritu zituzten harremanen emaitza izan zen iaz kaleratutako lana. Andres Kamio Elkar etxeko ordezkariaren hitzetan, lagunen arteko «ospakizun» gisara hartu zuten biak elkartu eta, estudioan pare bat saio eginez, bi kantu grabatzea. «Pena izan zen, konfinamendua iritsi baitzen eta aurreikusitako plan guztiak bertan behera utzi behar izan genituen».

Bide beretik molde berriak

Lan berria lau kantuz osatutako bilduma bada ere, Gasconek azaldu du hasierako asmoa disko luze bat argitaratzea zela. «Lasaiago hartu nahi genuen, bizitza gehiago eman aurreko lanei, sentsazioa dugulako ez diegula ematen hainbeste haiei ere garatzeko». Baina musikarekiko eta taldearekiko pasioak sortzera bultzatu ditu kideak une oro, eta, hala, lau pieza osatu zituztenean grabatu eta kaleratzea erabaki zuten, gehiago egin arte itxaron beharrean. «Ikusi genuen bazutela elkarren artean halako zentzu bat, lotura bat, eta gure inguruko lagunak grabatzen ari zirenez, eta gu bitartean inbidiaz hiltzen, zentzu bat eman genion lanari». Musikari «omenaldi bat» egitea, hain zuzen.

Gitarrarekin eta bateriarekin soilik egindako rock doinuak daude taldearen musikaren oinarrian, baina bestelako molde batzuk ere lantzen dituzte. Disko bakoitzari esker, Habik «estilo propioa» landu duela nabarmendu du Kamiok, eta jakin dutela mantentzen orain arte: «Melodia landuak, gitarra zorrotzak eta indartsuak, eta bateriaren erritmo biziak... oso presente daude disko guztietan, baita lan berrian ere».

Bat dator ideia horrekin Gascon ere: «Jarraitu dugu orain arteko ildoa: hau da, zuzenean eskaini dezakegun hori islatu dugu diskoan ere». Saiatu dira bide berriak urratzen, halere, eta Gardena kantuaren «erritmo dantzagarriak» dira horren erakusle. Diskoaren azalera ere eraman dute berritasun hori. «Nahiko estetika iluna izan dugu orain arte, eta, hori aldatzeko, erabaki genuen horia izatea azala. Kantuak ere islatzen du arima hori, guri ere mugiarazten gaituelako». Bideoklipa ere egin dute, Nagore Arin eta Jon Ander Gasconen laguntzarekin. Eta Gartxot Unsainek ere hartu du parte kantu batean.

Lan berria zuzenean aurkezteko prest dira, eta aurreneko datak lotu dituzte dagoeneko: Gernikan aurkeztuko dute lana bihar (Bizkaia). Eta gero etorriko dira, Donostia, Lemoa (Bizkaia), Ordizia (Gipuzkoa), Villabona (Gipuzkoa) eta Zumarraga (Gipuzkoa), besteak beste. Helmuga izena jarri diote lan berriari, baina hasiera besterik ez da hau taldearentzat.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joseba Sarrionania, Usoa Zumeta, Juan Antonio Urbeltz, Saioa Alkaiza, Iker Galartza eta Olatz Arrieta. ©Berria

EKT graduondokoak kulturgintzaren gaur egungo galderei helduko die

Itziar Ugarte Irizar

Joseba Sarrionandia, Saioa Alkaiza, Usoa Zumeta, Ttittika Rekalt, Dana Moya, Garazi Arrula eta beste ariko dira hizlari bederatzigarren edizioan. Ostegunean itxiko dute izena emateko epea.

Emir Kusturica, iaz, Kairon. ©Khaled Elfiqi/ EFE

Bertan behera gelditu da Emir Kusturicaren Donostiako kontzertua

Berria

Hilaren 13an jo behar duten Kursaaleko auditoriumean The No-Smoking Band taldearekin

<b>Artze anaiak.</b> Txalaparta erakustaldia Iruñeko 1972ko Topaketetan. ©BERRIA

ARTE KONSTELAZIO BAT IRUÑEARI OPARI

Yasmine Khris

Iruñeko 1972ko Arte Topaketen 50. urteurrena ospatuko da aurten, eta orduko oroitzapenak bizirik dituzte batzuek. Xabier Morras margolariak, esaterako, kontrastez beteriko hiriaren irudia ekarri du gogora. Zentsurak, polemikek eta artisten aniztasunak ezaugarritu zuten topaketa.

 ©BERRIA

«72ko topaketen oroitzapena ez da anekdotikoa, baina ia»

Yasmine Khris

Ofizioz idazlea da Andres, baina komisario lanean arituko da aurten, 1972-2022ko Topaketetan. Urriaren 6tik 18ra eginen dira eta 70 jardunaldi baino gehiago antolatzeaz arduratu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...