Bera Bera 20-24 Guardes

Kolpe latza jaso du etxean

Super Amara Bera Bera ez da Espainiako Kopako finalerako sailkatu, ezustean galdu egin baitu Guardesen aurka, Ilunben.

jarraia212783.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko apirilaren 30a
20:12
Entzun

Etxean uso izan da Super Amara Bera Bera, otsoa izatea espero zuenean mundu guztiak. Espainiako Kopako finaletik kanpo geratu da, galdu egin baitu finalerdia Guardesen aurka (20-24). Partida txikia egin dute Imanol Alvarezen jokalariek Ilunben, 2.800 zale baino gehiagoren aurrean, eta Galiziako taldeak irabazi du aukera Malagaren aurka finala jokatzeko (lehen finalerdian 32-24 menderatu du Elx).

Hainbat azalpen ditu gaurko emaitzak, eta Bera Beraren erasoan gertatuak gehienak.18 baloi galdu ditu, gehiegi, eta atearen aurrean ez da batere eraginkor aritu. Galiziarren ordezko atezain Senperek bereak eta bi geratu dizkie etxekoei (11 jaurtiketa denera), gola erraz sartzekoak asko eta asko. Horren guztiaren ondorioz, markagailuan atzetik ibili da ia beti Donostiako taldea (atsedenaldian, 11-12), eta horretara ohituta ez dagoenez, partida aurrera joan ahal, urduritasunak eta presak kalte besterik ez diote egin. Egoera hori bigarren zatian azaldu da gehien, orduan egin diolako ospa aurkariak, bost goleko aldea ere izateraino (13-18, 45. minutuan).

Ezin izan du ohiko jokoa egin. Defentsan sendo oso une gutxitan bakarrik aritu da, eta ondorioz, ezin atera hain eraginkorra duen kontraerasoa. Sei seiren aurka jokatu ditu eraso gehienak, eta hor ere deseroso ibili da taldea. Ez du asmatu, edo Guardesek ondo ikasita ekarri ditu etxekoei aurre egiteko baliabideak. Edo biak. Porrot mingarria azkenean, eta Esther Arrojeria kapitainak esan duen bezala, «oso gogorra» da horrela galtzea. Batere aitzakiarik ez du jarri: «Huts egin ezin zen uneetan huts egin dugu. Merezita irabazi digute».

Partida golegile onena Guardeseko Patricia Lima izan da zortzi golekin. Etxekoen artean abilena Mariane Fernandes izan da, bostekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.