Athletic 2-0 Atletico Madril

Europarena ez da ametsa

San Mamesen lorturiko hiru puntuei esker, batera jarri zaio Athletici Conference ligan jokatzeko aukera. Hermosok bere atean, eta Iñaki Williamsek sartu dituzte golak.

jarraia212784.jpg
Aitor Manterola Garate.
2022ko apirilaren 30a
22:56
Entzun

Athletici Europara joateko aukera ia erabat joan zitzaion duela aste gutxi. Baina bila segitu du, eta bueltan du lau partida direnean: Conference ligan aritzeko bidetik puntu bakarrera du orain. Vila-real da zazpigarren, eta zuri-gorriak ditu atzetik, oso gainean. Kontu polit hauen inguruan jarduteko, ezinbestekoa zen gaur Athleticek garaipena lortzea, eta horixe egin du: 2-0 irabazi dio Atletico Madrili. Festa San Mamesen.

Partidan zehar ere txaloka eta pozarren egon da zalea, taldeak bizitu egin duelako jokoarekin giro guztia. Aurreneko ordu erdia ederra izan da Marcelinoren taldearena, eta gol gehiago sartzea bakarrik falta izan zaio. Bakarra egin duelako, eta hura kanpotarrek bere atean. Mario Hermosok zortzigarren minutuan sartu du, Iñaki Williamsen lan ona tarteko. Atsedenaldira joan aurretik, kanpotarrak piztu egin dira, eta gaina hartu diete etxekoei. Baina golik ez.

Partidako bigarrena ere Athleticek sartu du. Penaltiz. Muniaini egin dio Herrerak 55. minutuan, eta bat geroago, Williams anaietan zaharrenak dotore sareratu du baloia. Bitxikeria gero gertatu da, argia joan delako San Mamesen. Azkar itzuli da, eta Marcelinorenei ez zaie itzali jokoa eta jokorako grina. Espainiarrek aukera bat edo beste izan duten arren, Athleticek ez du sufritu.

Real Madril, txapeldun

Ligan hemendik aurrera ere asko sufrituko ez duena Real Madril izango da, gaur bertan lortu duelako txapeldun izatea. 35.titulua dute espainiarrek. Espanyoli 4-0 irabazita erdietsi dute loria Carlo Ancelottirenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.