Hezkuntza

Nafarroan 0-3 zikloko haur eskoletan ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte

Grebalariek, hainbat seniderekin batera, Nafarroako Gobernuari eskatu diote argitara dezala ziklo horretako gutxieneko zerbitzuak arautuko dituen foru dekretu bat, eta negoziazio mahai bat sor dezala

Sarrigurengo Malkaitz haur eskoloaren aurrean egin dute agerraldia. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko maiatzaren 2a
10:47
Entzun

Nafarroako 0-3 zikloko haur eskoletako langileek greba mugagabea hasi dute, eta lanuztearen inguruan udal bakoitzak hiru irtenbide hauetako bat hartu du: batzuek %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte, beste batzuek arautu dute gurasoek haurrak txandaka eramatea eskolara, eta zenbaiten aukera izan da zaintzaile bat 32 haurren ardurapean uztea.

Gaur Sarrigurengo Malkaitz haur eskolan egin dute agerraldia, Eguesibarko Udala baita gutxieneko zerbitzuak ezarri dituen lehena, baina beste edozein haur eskola izan zitekeela nabarmendu dute grebalariek. Izan ere, salatu dute azken ardura Nafarroako Gobernuarena dela, ez baitu gutxieneko zerbitzuak aratuko dituen dekreturik atera. «Bitxiena da udalak ziklo honen utzikeriaren biktima ere badirela, ez dakitelako nola asmatu gutxieneko zerbitzuak ezartzeko orduan. Nafarroako Gobernuaren eta Hezkuntza Departamenduaren erantzukizunik eza agerian geratu da berriro», azaldu du Nekane Madariagak, grebalarien izenean.

0-3 plataformak deitu du grebara, eta lan baldintzak hobetzea eskatzen dute langileek, bai soldatetan, bai eta ikasgela bakoitzeko ratioetan ere. Nekane Madariagak eta Isabel Irigibilek azaldu dutenez, 2007ko dekretu batek arautzen du 0-3 zikloa, eta hark ezartzen dituen ratioak «ankerrak» dira: 0-1 urte arteko geletan, zortzi umerentzat hezitzaile bat dago; 1 eta 2 urte arteko hamabi haurrentzat, hezitzaile bat, eta 2 eta 3 urte arteko hameseirentzat, hezitzaile bat. «Ratio horiekin ezin dira haurren beharrak ase, eta hori da gu grebara joateko arrazoi nagusietako bat», azaldu dute.

2007ko dekretu hori da ziklo hori arautzen duen araudi bakarra. «Nafarroako Gobernuaren haur hezkuntzarako gutxieneko zerbitzuak ezartzeko irizpidea 3-6 ziklorako berbera da. Eroturik al gaude?», gaitzetsi dute. Gogora ekarri dute jaioberrietatik hasi eta 3 urte artera arteko haurrek «etengabeko laguntza eta zaintza» behar dutela, «ez baitute gaitasunik modu autonomoan moldatzeko». Euren arteko harremanetan mugak jarri eta liskarretan esku hartzeko zein euren emozioekin kudeatzen laguntzeko behar dute hezitzaile bat, baita haien garbitasun, elikadura eta atsedenerako beharrizan fisiologikoak zaintzeko ere.

Gutxieneko zerbitzuak

Grebalarien arabera, 2007ko dekretua oinarri hartuta, udalek hiru irtenbide hartu dituzte. Batzuek erabaki dute ezinezkoa dela haur eskoletan langile gutxiago egotea, eta %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte. Beste udal batzuk hezitzaileen aldarrikapenak aintzat hartu eta %50eko, %60ko eta %70eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte, gurasoak eskolara eramateko txandak ezarriz.

Azkenik, udal batzuk aintzat hartu dituzte langileen greba eskubidea eta familien kontziliazio eskubidea, oso ratio handien bitartez: 0-1 urte arteko hamasei haur zaintzen egongo da hezitzaile bat, 1-2 urte arteko 24 haurrekin beste bat, eta 2-3 urte arteko 32 haurrekin beste bat. «Azken modalitate hori astakeria, arduragabekeria eta arriskua da. Nork izango du ikasgeletan gerta daitekeenaren ardura?», galdetu du Nekane Madariagak.

11:00etan lehen bilera egin dute Nafarroako Hezkuntza Departamenduarekin. Kanpoaldean elkarretaratzea egin dute, eta han izan direnetako batzuei nortasun agiria eskatu diete foruzainek.

Bilkuran, eskatu diote 0-3 ziklora egokitutako gutxieneko zerbitzuak arautuko dituen dekretua argitara dezala. Halaber, sektorearen aldarrikapena aintzat hartuko dituen negoziazio mahai bat osa dezala ere eskatuko diote gobernuari. Mahai hori osatzea aspaldidanik proposatu dute, euren eskaerei ahotsa emateko asmoz, eta haien baldintzak hobetzea eskatzeko. Madariagak eta Irigibelek azpimarratu dute duintasuna dutela helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.