Zinema

Sinead O'Connorri buruzko film batekin hasiko da XV. Dock of the Bay, gaur

Hiru dokumental emango dituzte gaur: Sinéad O'Connor: Nothing Compares (19:15ean, Principen), Bixa Travesti (19:30ean, Dabadaban) eta Magaluf Ghost Town (21:30ean, Principen). Proiekzioez gain, solasaldiak eta kontzertuak ere egingo dituzte, larunbatera bitarte.

Kathryn Fergusonen 'Sinéad O'Connor: Nothing Compares' filma. DOCK OF THE BAY
Andoni Imaz.
2022ko maiatzaren 2a
12:20
Entzun

Dataz eta lekuz mudatuta, hamabosgarren aldia abiatzeko prest da Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen jaialdia. Gaurtik hilaren 7ra bitarte egingo dute, eta Principe zinema aretoak eta Antzoki Zaharra izango ditu kokaleku nagusi, nahiz eta hiriko gune gehiagotan ere egingo dituzten ekitaldiak. 23 dokumental proiektatuko dituzte denera: sail ofizialetan, zazpi film luze eta zortzi labur izango dira lehian, eta lehiaz kanpoko Perfect Day atalak nazioartean musika dokumentalen generoan nabarmendu diren azken lanen aukeraketa bat erakutsiko du.

Sail Ofizialeko Sinéad O'Connor: Nothing Compares filmak abiatuko du jaialdia, 19:15ean. Musikari irlandarra mundu osoan nola egin zen ezagun kontatuko du Kathryn Ferguson zuzendariak, eta nola bere izaera bereziak poparen korronte nagusitik urrunarazi zuen.

Bestalde, Balearretako Mallorca uharteak (Herrialde Katalanak) turismo masiboaren bidez izaten duen eraldaketa izugarriari buruzko film bat emango dute gauean, 21:30ean, Perfect Day sailaren barruan: Miguel Angel Blancaren Magaluf Ghost Town. Sail berekoa da Claudia Priscilla eta Kiko Goifman zuzendarien Bixa Travesti lana, Linn da Quebrada abeslari brasildar transari buruzkoa. Dabadaban emango dute filma, 19:30ean, eta, hura amaitzean, inaugurazio ekitaldia egingo dute han bertan.

Gainontzean, Sail Ofizialean, Lydia Lunch estatubatuarraren inguruko My Lover the Killer. Lydia Lunch (March Hurtado) erakutsiko dute bihar; Doris Muñoz musika managerrari buruzko Mija (Isabel Castro) etzi; 1950eko hamarkadako aitzindari Connie Connieren inguruko Talking Like Her (Natacha Giler, Adam Briscoe) ostegunean; eta 6an, ostiralez, Courtney Barnett rock musikari aupatuan ardaztutako Anonymous Club. Courtney Barnett (Danny Cohen).

Horiez gain, lehian izango dira Alessandro Melanizzik zuzendutako Italo Disco. The Sparkling Sound of the 80s, hamarraldi hartan loratu zen disco musikaren historia kontatzen duena; eta baita New Yorkeko punk rockaren hasiera aztertzen duen Nightclubbing. The Birth of Punk Rock in NYC ere. Aurrez ere jaialdian egon izan den Danny Garciak zuzendu du azken hori, eta dokumentalaren nazioarteko estreinaldia izango da Donostiakoa.

Proiekzioez gain, jarduera paralelo ugari egingo dituzte egunotan Donostian; aurkezpenak, mahai inguruak eta kontzertuak izango dira Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan eta Koldo Mitxelena kulturunean, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.