Olatz Artola Apeztegia.
Analisia

Futbolaren bi aurpegiak

2022ko maiatzaren 2a
15:05
Entzun

Igandean, Zubietan, joko zelai bakarrean, txanponaren bi aldeak ikusi ziren: aurkia eta ifrentzua. Zelaiaren alde batean, Rayo Vallecano taldeko jokalariak; beste aldean, txuri-urdinak.

Emakumeen Futbol Liga profesionala izateko sokatiran dabiltza jokalariak, bat eginda, norabide berean arraunean. Hitzarmena sinatzea lortu zuten iaz, baina etxean bertan arrotz sentitzen dira oraindik ere madrildarrak, hitzemandakotik urrun baitaude beren lan baldintzak: urrunegi. Kanpoko partidetan medikurik gabe, otorduetan elikadura eskasa, eta etxebizitzetan urik ez. Hiru adibide hamaika arau hausteren artean.

Zelaiaren beste erdian, Realeko jokalariak. Etekinak saiakeren ostean jasota, izan emaitzetan, izan baldintzetan. Lehenak bigarrena ekarri du: saiakerak emaitzak, eta emaitzak baldintza egokiak. Baina hori al da korrelazio egokia? Zer da lehenago, oiloa ala arrautza? Realak, baina, garaiz edo berandu, jakin du oiloak oskolean kas-kas egitean hautsi eta habia egiten.

Igandean joko zelai berean oso bestelako joko arauak dituzten bi talde izan ziren parez pare. Baina aurkariari aurrez aurre begiratzeaz gain, aldamenean jarri eta bidea elkarrekin (ere) egin dute. Aurkariak ez ezik, lankideak ere badirelako. Hori du emakumezkoen futbolak, jokoz kanpo dauden jarrerei ez entzunarena egin beharrean, elkarri eskua eman eta batera borrokatzen direla. Hortik Realari denboraldi hasieran kendutako puntuak.

Eskatzen dute aukera berdintasuna. Eskatzen dute duintasuna. Eskatzen dute oinarri sendoa. Eskatzen dute, gizonek bezala, beraiek ere futbolari profesionalak izatea. Baina badira eredu horretatik hartu eta erreproduzitu behar ez diren hainbat kontu. Izan ere, jokoz kanpo behar lukete horren naturaltzat dauzkagun handikeria, boterea, errespetu falta eta harrotasuna.

Balantza orekatu behar da. Emakumeen zama arindu, eta gizonezkoen txanponen pisua apaldu. Baina ezin ditugu galdu belar motzean hezteak ekarri dizkieten hainbat irakaspen: antzerkiak antzezleentzat uztea, beste kideak errespetuz tratatzea, epailearen esana betetzea, eta hanka guztiok sartzen dugula onartzea, begirada norbere zilbor eta koloreetatik altxatzea, zaleekin duten harremanari eustea, gizatasuna ez galtzea…

Bide luze eta gorabeheratsu batek ekarri ditu honaino. Ez daitezela orain desorekatu. Gogora dezatela nondik datozen, nola eta zergatik.

Futbola ez da soilik hamaika hamaikaren kontrako lehia. Partida, askotan, bulegoetan jokatzen da. Badute zeresana, beraz, gorbatadunek; baina baita harmailetan esertzen direnek, garenok ere. Nori eta nola txalotu, zer oratu, zein lelo kantatu, zein hizkuntzatan…

Ez dezagun airera bota txanpona. Ez dezagun utzi guztia zoriaren esku.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.