Ostalaritza

Terrazak lehengo eran jartzen hasi dira hiriburuetan

Bilbon atzoz geroztik ezin dira jarri 'COVID-19 terrazak'. Donostian ekainaren erdialderako kendu beharko dituzte ostalariek, eta, Iruñean, sanferminetarako. Gasteiz da salbuespena: mantendu egingo dituzte.

Aparkaleku batean jarritako terraza bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 2a
17:14
Entzun

Izurritearekin, hainbat hiritako eta herritako tabernei terrazak jartzeko edo handitzeko baimena eman zitzaien, plazetan, espaloietan, aparkalekuetan... baina hainbat tokitan amaitu zaie pagotxa. Bilbon, adibidez, jada ezin dira jarri COVID-19 terraza deitu izan zaienak, atzotik. Iruñean, gaurtik aurrera, ezin dira jarri terraza gisa erabiltzeko baimendu ziren karpak, baina terrazak sanferminetara arte mantenduko dituzte; Donostian, ekainaren erdialdera arte. Hegoaldeko hiriburuen artean Gasteiz da salbuespena: Gorka Urtaran alkateak gaur jakinarazi du pandemia garaian baimendu zituzten terrazak mantenduko dituztela. Baionan bada denbora neurria indargabetu zutela.

Bilbon, COVID-19 terrazak baimendu zituztenean, jartzeko mila eskaera baino gehiago jaso zituen udalak, eta haietako 746 onartu zituen. Terraza gehienak espaloietan zabaldu zituzten, eta 217 errepidean edo aparkalekuetan. Espaloietara itzuli ziren haiek atzo. Udalak, printzipioz, Aste Santuaren aurretik indargabetu behar zuen neurria, baina neurria luzatzea erabaki zuen azkenean.

Iruñean gaur desagertu dira COVID-19 terrazetako karpak. Karpa desmuntagarri horiek udalak berak sustatu eta baimendu zituen, eta azken bi urteetan 58 ostalarik erabili dituzte; atzo arte eduki zituzten 22 establezimenduk. Udalaren ustez, karpa horiek betea dute euren funtzioa, eta kendu egin behar dira «duten inpaktu bisualagatik», eta eguraldiak hobera egin ahala ez direlako beharrezkoak izango. Pandemia garaian baimendutako terrazak, ordea, uztailera arte mantendu ahal izango dituzte ostalariek, sanferminetara arte. Hala baieztatu zieten ostalariei joan den astean. Pandemia hasi zenetik, neurri horrekin lotutako 1.600 eskaera baino gehiago jaso ditu Iruñeko Udalak.

Donostia eta Gasteiz

Donostiako Udala, berriz, gaur bildu da Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko ordezkariekin, eta terrazei buruz hartutako erabakiaren berri eman die: ekainaren erdialdera arte mantenduko dituzte. Ostalariek uda amaitu arte mantendu nahi zituzten, baina udalak esan die orain ez dagoela indarrean ostalaritzari eragiten dion murrizketarik —barnealdeetan maskara erabiltzea, adibidez—, eta, beraz, lehengo legera itzuliko direla. Dena den, etorkizunean aldaketak egiteko prest azaldu dira udaleko ordezkariak.

Bestelakoa da egoera Gasteizen: Urtaran alkateak gaur jakinarazi du COVID-19 terrazak mantentzeko asmoa dutela, adibidez, eraikinetako arkupeetan eta trafiko gutxiko kaleetan. Ez hori bakarrik: udalak terrazetan mahai finkoak jartzea baimenduko duen ordenantza bat onartu du, eta datozen asteetan sartuko da indarrean. Alkatearen arabera, «ostalarien eskaera historiko bat» zen hori.

Ikusi gehiago: Terrazen zabaltzea auzitan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.