Lan gatazkak

Douglas lurrin-denda katearen enplegu erregulazioa auzitara eraman du ELAk

Euskal Herriko saltokietan 120 langile kaleratzea aurreikusten du erregulazio horrek, eta inpugnatu egin du sindikatuak.

Douglaseko langile batzuen protesta bat. BERRIA
xabier martin
2022ko maiatzaren 3a
12:44
Entzun

Douglas lurrin denden kateko enplegu erregulazioko espedientearen aurka egiten ari da ELA aspaldi honetan, multinazionalak 120 langile kaleratzeko helburua duelako zenbait denda itxita. ELAk uste du enpresak ez dituela egiaztatu horretarako arrazoitzen dituen zio ekonomikoak. «Enpresak, CCOOk eta UGTk adostutako enplegu erregulazioko espediente horrek 120 langile kaleratuko ditu Euskal Herrian», esplikatu du ELAk ohar baten bidez.

Sindikatuaren iritziz, Douglasek digitalizazioaren alde egindako apustua da «espediente horren benetako arrazoia». Era berean, ELAk salatu du enpresak azken bileratik kanporatu zituela sindikatuaren ordezkariak, akordioa sinatu ez zuenez han egoteko eskubiderik ez zuela argudiatuta. «Kanporatze hau askatasun sindikalaren urraketa argia da».

Batera edo bestera, joan den astean amaitu zen Douglas lurrin dendetako enplegu erregulazioko espedientearen kontsulta aldia. ELAk dio zuzendaritzak CCOO eta UGTrekin lortutako akordioaren ondorioz, ia 1.000 pertsona kaleratuko dituztela, eta horietako 120 Euskal Herrian kaleratuko dituztela. «Horrez gain, gainerako langileen lan baldintzak okertuko dira», ohartarazi du euskal sindikatuak.

Espainiako Auzitegi Nazionalean

Douglasen martxoaren 17an hasi zen greba mugagabea, eta grebalariak ordezkatu egin direlakoan sindikatuak jarritako demandari, orain, enplegu erregulazioko espedientea atzera botatzeko demanda gehituko zaio. Datozen egunetan ELAk Espainiako Auzitegi Nazionalean erregistratuko du salaketa hori. «Sindikalki eta judizialki borrokatzen» jarraituko duela dio ELAk, «eskura dituen arma guztiekin Euskal Herrian enplegua gal ez dadin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.