PAI

Kontseiluak salatu du PAIren xedea euskarazko irakaskuntza oztopatzea dela

«Nafarren arteko berdintasunaren aurkako kolpea da» ingelesez irakasteko programa eredu bihurtzeko erabakia, Paul Bilbao idazkari nagusiaren esanetan, «eskubideen fatxada» jarri nahi izan dieten arren. Larunbateko mobilizazioan parte hartzeko deia berretsi du.

Euskalgintzaren Kontseiluaren agerraldia Iruñean, gaur goizean. IñIGO URIZ / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko maiatzaren 3a
13:16
Entzun

«Erabaki euskarafoboei existitzen ez diren eskubideen fatxada jarri nahi diete», salatu du Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak Iruñean, PAI ingelesez ikasteko programa hezkuntza eredu bihurtzeko erabakia hizpide hartuta. Joan den astean horren alde egin zuten PSNk eta UPNk, 350 lanpostu egonkortuko dituztela argudiotzat erabilita. Erabakia «oso larria» eta «nafarren arteko berdintasunaren aurkako kolpea» da, Bilbaoren arabera, eta euskarak hezkuntzan duen lekuarekin alderatu du: «Egungo hezkuntza ereduak milaka haur eta gazteri ukatzen dio euskara ezagutzeko eskubidea, eta euskararen gutxieneko noziorik gabe uzten ditu».

Izan ere, euskarazko irakaskuntza jasotzeko eskubiderik eza itxurazko eskubideekin estali nahi izatea egotzi dio Kontseiluak Nafarroako Gobernuari: «Ingelesa ezagutzeko balizko eskubidea erdigunean jartzea zitala da. Erabaki euskarafoboei existitzen ez diren eskubideen fatxada jarri nahi diete».

Areago, PAI programa Yolanda Barcina Nafarroako lehendakari ohiak sustatu zuela gogorarazi du, eta haren helburuak zein ziren garden azaldu zuela bere garaian lehendakariak berak: «Oihartzun handia izan zuten orduko lehendakari Barcinak telebista bateko elkarrizketan esandakoek: PAI programaren bidez euskarazko irakaskuntzaren hedapena gelditu nahi zuela». Horixe bera erakusten dute PAIren gisako beste programa batzuek, Bilbaoren esanetan, «berezko hizkuntzak dituzten beste lurralde batzuetan» ezarritakoek; hala nola Valentzian eta Balear Uharteetan. Horietan «hizkuntza gutxituaren irakaskuntzari aurre egiteko» asmoz erabili dira halako programak, haren esanetan, bai eta Nafarroan ere.

Bestalde, Kontseiluko bozeramaileak salatu du zenbait alderdik presa izaten dutela euskararen kontrako neurriak hartzeko orduan: «Euskara merezimendu gisa arautzeko dekretua prestatzeko, urteak behar izaten dituzte, baina PAI eredu bihurtzeko prozesua di-da batean jarri dute abian». Horrek agerian uzten du, Bilbaoren esanetan, «intentzionalitate maltzurra» dutela zenbait alderdik; bereziki, «euskararen kontrako neurriak jokoan daudenean».

Mobilizatzeko arrazoiak «ugaritzen»

Larunbat honetarako manifestaziora deitua du Kontseiluak Iruñean, Nafarroako merezimenduen dekretuaren aurka. 17:30ean abiatuko da, Antoniutti parketik. Ez kasualitatez, leku berean egin du gaurko agerraldia. Han izan dira Kontseiluko kide diren zenbait erakundetako ordezkariak ere. Kontseiluak nabarmendu du «ugaritzen» ari direla larunbateko manifestazioarekin bat egiteko arrazoiak. Hala ere, deialdiaren hasierako helburua gogoratu du; hots, Nafarroako merezimenduen dekretuak euskara baztertzen duela salatzea. «Nafarroako Gobernuak euskara eta euskaldunak zokoratuko dituen araudia onartu nahi du. Ondorioz, UPNren garaiko politiketara itzuli nahi du, eta epaitegiek onetsitako neurriak ere ezabatu nahi ditu», deitoratu du Bilbaok. Are, zenbait puntutan gobernua UPN baino politika atzerakoiagoak egiten ari dela nabarmendu du.

Horren inguruan, Bilbaok nabarmendu du denak ez duela balio, ezta halako erabakiek babes parlamentarioa badute ere. Eskubideen esparruan kokatu du afera: «Euskara eta euskal hiztunen komunitatea desagerrarazteko erabakiek babes parlamentarioa izatek ez du esan nahi erabaki demokratikoak direnik».

Larunbateko mobilizazioaren atarian, manifestazioaren aldeko atxikimenduak jasotzen ari direla ere azpimarratu du Bilbaok. Besteak beste, Nafarroako Pentsionistak Martxan, EHGAM, Eskubide Sozialen Gutuna eta Pantailak Euskaraz haren alde agertu direla azaldu du. Halaber, Nafarroako 28 udal teknikarik ere mobilizazioarekin bat egin dutela gaineratu du. Edonola ere, alderdi politikoetan jarri du fokua, bereziki: «Desadostasunaren aitzakia ezin da erabili horrelako erabakiak onartzeko. Bada garaia presio handiagoa egiteko, euskararen gaia erdigunean jarri eta estutzeko. Izan ere, hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzakete euskararen normalizazio prozesuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.