koronabirusa

Gotzone Sagardui: «Argi ikusten ari gara kasuen gorakada azken bizpahiru asteetan»

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak oraingoz ez du «tentsiorik» nabaritu osasun sisteman.

Emakume bat maskara jantzita farmaziatik ateratzen, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 3a
13:31
Entzun

COVID-19aren pandemiaren zenbakiak okerrera egiten ari dira. Irmo mintzatu da Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian: «Argi ikusten ari gara kasuen gorakada azken bizpahiru asteetan». Halere, gaur-gaurkoz, osasun sisteman ez da tentsiorik eragiten ari.

Azkenaldian birusa hedatuago egoteko bi arrazoi nagusi ikusten ditu sailburuak: Aste Santuko mugikortasuna eta maskararen derrigortasuna bertan behera laga izana. Datu zehatzak eman ditu: egun, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia 448 kasukoa da; alegia, duela hilabete baino %11,3 handiagoa.

Isla edukitzen ari da ospitaleetan ere. Ohartarazi duenez, azken astean batez beste 45,1 ospitaleratze berri egon dira; aldiz, apirilaren 1ean, eguneko 21,7koa zen batezbestekoa. Beraz, bikoiztu egin dira. «Logikoa da kasuak areagotu ahala ospitaleratzeak ere gero eta gehiago izatea». Halere, oraingoz, osasun sisteman ez dago tentsiorik: «Txertoaren eraginkortasunak, gure organismoak sortu dituen defentsek eta aldaera berriaren izaeren ondorioz, ospitaleetako intzidentzia ez da ari osasun sistema tenkatzen, ospitaleratzeen eta alten kopurua handitzen ari den arren». Txertoaren lana goraipatu du bereziki: «Txertoak dira tresnarik onenak birusari aurre egiteko»

Halaber, ZIUetan ez da aparteko igoerarik ikusten, azken datuen arabera. Hala ere, Sagarduik jakinarazi du zazpi gaixo daudela koronabirusak jota larrien dauden erientzat prestatutako ohe horietan. «Arriskuan dauden zazpi bizitza izaten jarraitzen dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.