Gerra Ukrainan

Errusiak Mariupolgo altzairutegiari eraso dio, eta zibilen ebakuazioa eten dute

Putinek Macroni ziurtatu dio Mosku prest dagoela Kievekin negoziatzen jarraitzeko, eta eskatu dio Ukrainara armak bidaltzeari uzteko.

Mariupolgo Azovstal altzairutegia, suntsituta, Donetsk oblastean. MAXAR TECHNOLOGIES HANDOUT / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 3a
17:18
Entzun

Errusiako tropek setiatua duten Ukrainako Mariupolgo zibilak tantaka ebakuatzen ari diren honetan, korridore humanitarioak ez dira Azovstal altzairutegira heltzen ari; berrehun bat zibil bertan harrapatuta daude otsail amaieratik, Ukrainako agintarien arabera. Hain zuzen, Moskuk baieztatu du armadak industrialdea beste behin bonbardatu duela, airez, lurrez eta itsasoz. Argudiatu duenez, azpiegitura horretan gotortuta dauden Ukrainako 2.000 bat soldaduk zibilak ebakuatzeko iragarritako su etena «baliatu» dute altzairutegian bertan borroka posizio militar hobeak hartu ahal izateko. Sviatoslav Palamar Ukrainako Azov unitate militarreko komandanteordeak sare sozialetan esan du Errusiako militar gehiago iristen ari direla hiriko portura.

Bitartean, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak duela gutxi jakinarazi dute herenegun industrialdetik erreskatatutako 101 haur, emakume eta adineko Zaporizhiara iritsi berri direla; BBC hedabidearen arabera, ordea, altzairutegitik ebakuatutako 69 pertsona heldu dira hirira, beste 58 herritarrekin batera. Kontuak kontu, NBEren esanetan, ebakuazioa gauzatzea «zaila» izan da, eta bidaia uste baino luzeagoa egin dute, bidean hainbat kontrolgune pasatu behar izan dituztelako.

AEBen esanetan, «maiatzaren erdialderako» Donetsk eta Luhansk eskualdeak Errusiari anexionatzeko asmoa du Kremlinek, eta, horretarako, erreferendum bana egin nahi du; bi herri errepubliketako agintariek asmo bera azaldu dute behin baino gehiagotan. Maiatzaren 9a gain-gainean dago, Sobietar Batasunak Alemania naziaren aurka 1945ean Bigarren Mundu Gerran lortutako garaipenaren urteurrena, eta, beraz, nazioarteak espero du Errusiako presidenteak adierazpenen bat egingo duela egun horretarako.

Horrekin lotuta, Krimea gaineko Kherson eskualdean ere Putinen gobernuak antzerako zerbait egin dezakeela uste du Washingtonek; Errusiako armadak gerra hasieratik du eskualde hori okupatuta, eta iragan igandetik indarrean dago errubloa. Khersonen ondotik, Mikolaiv eta Odesa probintziak ditu jomugan Moskuk. Errusiako Defentsa Ministerioak atzo adierazi zuen «azpiegitura logistikoak» jo zituztela Odesa hirian, Mendebaldeko armen biltegiak, hain zuzen ere. Bestalde, Donetsk oblasteko gobernadore Pavlo Kirilenkok arratsaldean salatu duenez, Errusiako armadak gutxienez hamar pertsona hil ditu Avdiivka hirian, erregai biltegi bat bonbardatu ostean.

Errusiako presidente Vladimir Putinek eta Emmanuel Macron Frantziakoak telefonoz hitz egin dute gaur arratsaldean, eta, gisa horretara, euren arteko komunikazioa berreskuratu dute hilabete baten ostean. Ukrainako gerran, Butxa herriko (Kiev oblasta) «sarraskiak» erabateko etena eragin zuen Mendebaldearen eta Errusiaren artean, eta orduz geroztik hitz egin gabe egon dira bi presidenteak. Putinek Macroni ziurtatu dio Moskuk elkarrizketarako atea zabalik duela Kievekin negoziatzen jarraitzeko, Kremlinek ohar baten bidez jakinarazi duenez. Hori bai, Ukrainara armak bidaltzeari uzteko eskatu dio Frantziako presidenteari. Oharraren arabera, Putinek salatu du EB Europako Batasunak ez diela jaramonik egiten Ukrainako militarrek egin dituzten «gerra krimenei», ezta Donbassko herrien aurkako «bonbardaketa masiboei ere, zeinetan zibilak hiltzen diren».

Macronek, bere aldetik, Putini galdegin dio Ukrainaren aurkako erasoei amaiera emateko. Gainera, kezka azaldu du, gerrak munduko elikagaien segurtasuna bermatzeko arazoa kolokan jarri duela eta. Hain zuzen ere, EBk artoaren erdia eta gariaren herena Ukrainatik inportatzen ditu. Bada, Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak ohartarazi du munduko janariaren prezioa %20 garestituko dela Ukrainako gudagatik.

Frantzisko aita santuak, bestalde, esan du Moskura joateko prest dagoela Putinekin batzartzeko, Corriere Della Sera Italiako egunkariari egindako elkarrizketa batean, Reuters berri agentziak jasotakoaren arabera. Halere, aita santuak zehaztu du oraindik ez duela jaso Kremlinen erantzunik.

Alemaniako kantziler Olaf Scholz Finlandiako lehen ministro Sanna Marinekin eta Magdalena Andersson Suediakoarekin batzartu da gaur, Berlinen, Eskandinaviako bi herrialde horiek NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko erabakia hartu bezperetan. Scholzek berretsi du Ukrainako mugak ezin direla indarrez aldatu, eta honako ohartarazpen hau ere egin dio Mendebaldeari: «Errusiak beste herrialderen bati eraso egiteko aukera inork ez dezala baztertu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.