Espetxeak

Artolazabal: «Espetxeen kudeaketa ulertzen dugu gizarte politiken adar bat balitz bezala»

Zaballako espetxean (Araba) izan da Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, dokumental baten aurkezpenean. Justizia errestauratiboaren aldeko apustua berretsi du.

Artolazabal Zaballako espetxean, gaur, hainbat presorekin batera. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 4a
10:00
Entzun

Zazpi hilabete igaro dira Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeak kudeatzeko eskumena jaso zuenetik, eta, gaur, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Zaballako (Araba) kartzelan izan da. Han aurkeztu du Historias de la cárcel (Kartzelako istorioak) dokumentala komunikabideen aurrean. Jaurlaritzak eta EITBk elkarlanean ondu dute lana, eta bihar estreinatuko dute ETB2 katean. Artolazabalek aurkezpenean adierazi du Jaurlaritzak lehentasuntzat duela espetxeen kudeaketa gizarte politiken barruan kokatzea: «Espetxeen kudeaketa ulertzen dugu gizarte politiken adar bat balitz bezala». Azpimarratu du hirugarren sektoreko erakundeekin batera lanean jarraituko dutela presoen hirugarren gradua eta gizarteratze eta laneratze programak sustatzeko. Eta ez hori bakarrik, Jaurlaritzak justizia errestauratiboaren alde lanean jarraituko duela berretsi du Artolazabalek, eta iragarri datozen hilabeteetan Zaballako espetxean lantegi errestauratiboak antolatuko dituztela.

Ikusi gehiago:Iruñeko kartzela, bide itsu

Dokumentalean parte hartu duten hamar bat preso ondoan zituela mintzatu da Artolazabal. Eta haiei helarazi die bere mezuaren zati nagusia. Esan die Jaurlaritzaren helburuetako bat dela espetxe barruko bizimodua hobetzea, eta gizarteratze programak sustatzea. Bigarren aukeren alde ere egin du: «Erabaki judizialek eta ez-arbitrarioek ekarri zaituztete hona, baina guztiok izan behar dugu bigarren aukerarako eskubidea», esan die presoei.

Kartzelako hamar bat presok parte hartu dute gaur aurkeztutako dokumentalean. Programa Zaballako espetxean grabatu da, osorik, eta bertan diren hainbat presok haien bizipenen bitartez espetxe barruko egunerokoa nolakoa den azaldu dute. Presoek ez ezik, Benito Agirre kartzelako zuzendariak, Josune Perez de Arenaza osasun mentaleko ikuskatzaileak eta Manuel Gutierrez Espainiako Gobernuko Barne Ministerioko zerbitzuburuak ere parte hartu dute.

700 preso baino gehiago daude Zaballako espetxean. Horietako askok adikzio arazoak dituzte, eta %40 inguruk, buruko patologiaren bat. Osasun mentalaren zerbitzuak espetxe barruan egiten duen lanaren berri ere jasotzen du dokumentalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.