A-15 autobidea asteburu osoan egongo da itxita

Gipuzkoa eta Nafarroa artean bidaiatu behar duten ibilgailu astunei N-1 errepidea erabiltzeko gomendatu diete, ezingo baitute Tolosa eta Lekunberri arteko errepidea erabili. Igande gauean irekiko dute autobidea eta Belabietako tunela.

A-15 autobidearen hasiera, Andonainen, itxita, denborale batean, azaroan. GORKA RUBIO, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko maiatzaren 4a
14:11
Entzun

Ostiral gauetik igande gauera Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen A-15 autobidea erabat itxita egongo da. Gipuzkoako aldean Andoainen itxiko dute Aintzane Oiarbide Azpiegitura diputatuak jakinarazi duenez, 22:00etan. 48 ordu horietan Belabietako tunelean egindako lanak amaitu eta gainbegiratuko dituzte, eta lanek iraun duten 11 hilabeteetan trafikoa desbideratzeko erabili dituzten gauzak kenduko dituzte.

Egunero 14.000 ibilgailuk erabiltzen dute A-15 autobidea. Asteburuan Gipuzkoa eta Nafarroa artean bidaiatu behar duten ibilgailu astunei N-1 errepidea erabiltzeko eskatu diete. Tolosa eta Lekunberri arteko bidea itxita egongo da ibilgailu astunentzat.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak aste honetan jakinarazi duenez, igande gauean irekiko dute berriro A-15eko Belabietako tunela. 1.836 metro da luze, eta hilabete hauetan egindako lanek 16,5 milioi euroko kostua izan dute. Olanok astelehenean esan zuen azken hiru urteetan 28,7 milioi gastatu dituztela A-15eko tunelak segurtasunaren arloan Europako Batasuneko araudira egokitzen.

«Puntako ekipamenduak jarri ditugu, kudeaketa, kontrola eta edukiera eguneratzeko. Gainera, telebista zirkuitu itxia berritu dugu, gertakizunak automatikoki atzemateko sistema bat ezarri ahal izateko», azaldu zuen Oiarbidek.

Azpiegitura diputatuak astelehenean aitortu zuenez, obra hauek egitean jabetu dira benetan zenbat ur jasotzen duen tunelak. «Bagenekien ur asko zegoela eta proiektuan ere hala zegoen jasota. Baina behin dena kendu genuenean ikusi genuen zenbatekoa zen benetan. Ez dugu arazorik izan, ordea, hori bideratzeko, eta orain, tunelari begiratzen diozunean, inork ezin du imajinatu zenbat ur dagoen inguruan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.