Sanferminak

Sanferminetako kartela aukeratzeko bozketa bertan behera utzi dute

Botoak emateko orduan iruzurra egon den susmoa du Iruñeko Udalak. Ordu jakin batzuetan boto anitz jaso ditu afixetako batek.

Jesus Diges / EFE. SANFERMINETAKO KARTEL FINALISTEN AURKEZPENA, IRUñEAN, APIRILAREN 25EAN
Iker Tubia.
2022ko maiatzaren 4a
15:53
Entzun

Sanferminetako afixa aukeratzeko prozesuan iruzurrik egon ote den ikertzen ari dira Iruñean. Udalak bertan behera utzi du bozketa, zer gertatu den argitu arte. Gaur zen botoa emateko azken eguna, eta irabazlea zein den bihar jakinaraztekoak ziren. Ustezko iruzurra pamplona.es webgunean gertatu da. ANIMSA enpresa publikoak du webgunea kudeatzeko ardura, eta ordu batzuetan «ezohiko» boto kopurua antzeman dute zenbait egunetan.

ANIMSAk ikusi duenez, larunbatean eta igandean, kartel berak jaso zituen 20:00etatik 23:30era emandako botoen %90. Larunbatean 146 boto izan ziren; horietatik 132 jaso zituen aipatutako kartelak. Igandean 114 boto izan ziren tarte horretan, eta 94 kartel berarentzat izan ziren. Boto kopurua ezohikoa izan zen tarte horretan; adibidez, ostiralean, 20:00etatik 23:30era, 42 lagunek eman zuten botoa.

Gaur ere antzeko zerbait gertatu dela salatu du ANIMSAk: 13:00etatik 13:30era «ezohiko» boto kopurua jaso du aipatutako afixak. «Boto guziak kartel beraren aldekoak izateaz gainera, beste ezaugarri bat dute: gehienek ez dute bigarren abizena idatzi. Datu hori ez da derrigorrezkoa, baina parte hartzaile gehienek ematen dute», azaldu du Iruñeko Udalak ohar baten bidez.

Kartelik gabe, oraingoz

Apirilaren 25ean aurkeztu zituzten aurtengo sanferminak iragar zitzaketen hamar kartelak. Bozketan parte hartzeko hiru bide zeuden: Internet bidez, telefonoz eta Civivox zentroetan botoa emanez. Gaur zen azken eguna, baina eguerdian gelditu dute bozketa. Zer gertatu den argitu ondoren, zerbitzu juridikoekin hitz eginda erabakiko dute zer egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.