Langabezia

Apirilean, hamar kontratutik hiru mugagabeak izan dira Hegoaldean

Pandemia aurreko apirilean bezainbesteko indarrez ez, baina langabe kopuruak behera egin du: 2.503 gutxiago daude. Kasik 79.000 lan kontratu egin dira hilabetean, horietatik 23.500, finkoak.

xabier martin
2022ko maiatzaren 4a
17:27
Entzun

Langabeziari behera bultzatzeko hilabetea izan ohi da apirila, Hego Euskal Herrian, eta aurtengoak ere joera horri eutsi dio, Ukrainako gerrak ekonomian dituen ondorioak ondorio. Nafar Lansaren eta Lanbiden izena emanda dauden langabeak 2.503 gutxiago dira martxoan baino, eta langabezia tasa %10,9ra jaitsi da: 148.980 langabe daude guztira. Horietatik 85.242 (%57,2) emakumeak dira eta gizonak 63.708 (%42,7). Gainera, 25 urtetik beherakoak bulegoetan izena emandakoen %8,7 dira (12.978).

Iazko apirilaren —eta pandemia aurreko urte gehienetan erregistratutakoen— indarraren parekorik ez du erakutsi lan merkatuak aurtengoan, Hego Euskal Herrian, baina jaitsiera hor dago, eta kontratazioaren alorra ere sendo aritu da: 3.641 afiliatu gehiago daude Gizarte Segurantzan, eta dagoeneko 1.280.000tik gora dira afiliatuak. Azken urtean, 33.143 lan kontratudun gehiago daude sisteman.

Hala, pandemiak eragindako zuloaren ondorengo susperraldiak aurrera jarraitzen du, nahiz eta ematen duen abiadura galtzen ari dela. Esaterako, martxoan, handiagoa zen azken urte arteko aldea (+35.459). Eta ezin da ahaztu, gainera, Aste Santuaren bultzada izan duela aurten apirilak. Dena den, 2020ko apiriletik, pandemiaren gordinena bizi zen unetik alegia, ia 50.000 afiliatu gehiago daude.

Aldizkako finkoen hazkundea

Baina kontratazioak utzi duen albistea kontratu motarekin dago lotua. Apirilean egin diren hamar kontratutik hiru mugagabeak izan dira. Lan erreformaren eraginez aldizkako finkoa jokatzen ari den rola gero eta nabarmenagoa da. Izan ere, 78.851 lan kontratu egin dira Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan, eta horietatik 23.546 mugagabeak izan dira. Martxoan, %20 izan ziren kontratu mota horiek, urte hasieratik gertatzen ari den goranzko joera berretsita, eta, apirilean, beste jauzi handi bat egin du, jadanik ia %30ra arte iritsi baita kontratazio finkoa, betiere aldi baterako kontratu asko ordezkatu dituen finko etenaren bultzadari esker. Azken urteetan, kontratu mugagabe berriek nekez gainditzen zuten kontratazioen %8.

Lau urte joan dira 2019ko apiriletik; handik hilabete gutxira iritsitako pandemiaren lurrikarak lan merkatuan egindako kraterra estali du kontratazioen dinamismoak, azken hilabeteetan. COVID aurreko langabezia datu erregistratuak gainditu dira urte hasiera honetan, baina apirilean, duela lau urte bezala daude datuak atzera: 2019an, 750 langabe gutxiago zeuden. 2020an, ordea, 179.000 ziren langabeak enplegu bulegoetan eta, orain, berriz,149.000. Hobekuntza handia da, baina are handiagoa da 2007ko datura hurbiltzeko tartea. Artean, ez ziren 98.000ra iristen Lanbide eta Nafar Lansareko langabe erregistratuak.

Erreakzioak

Oso modu desberdinean hartu dituzte sindikatuek eta gobernuek langabezia erregistratuaren datuak. Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu Idoia Mendiak langabezia «modu orekatuan» jaitsi dela azpimarratu du, «behera egin duelako lurralde guztietan, adin guztietan, gizonen eta emakumeen artean, eta sektore guztietan». Horri gehitu behar zaizkio «sekula ezagutu ez diren kontratazio mugagabeen mailak».

ELArentzat, «datu positiboak diruditen arren», apirileko beste hilabete batzuekin alderatuz gero, langabezia «neurri txikiagoan» murriztu da, eta Hegoaldeko langabezia tasak Europako batez bestekoaren «oso gainetik» jarraitzen du: %10,9koa da Hegoaldean eta %6,2koa EBn.
Kontratu mugagabeei dagokionez, ELAk datu bat nabarmendu du: «Nafarroa eta EAE dira behin-behinekotasun tasarik handiena dutenak, alde handiarekin, Estatuan; ia hogei puntu gorago daude».

LABek, berriz, dio aldizkako finkoen kontratua «formula berria» dela «obra edo behin-behineko kontratuak ordezkatzeko», estatistiketan finko gisa agertu arren. «Urtean hiru hilabete soilik lan egiten duen langilea finko gisa agertuko da».

CCOOk, ordea, lan erreformaren «onura» horri garrantzi handia eman dio: «Apirilean egin diren kontratuen % 30,6 izan dira, eta erreformaren osotasunaren aplikazioa sumatzen ari da»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.