Gerra Ukrainan

Errusiako petrolioaren bahitura proposatu du Europako Batzordeak

Sei hilabeteren buruan Errusiako petrolioaren inportazioak eten nahi ditu EBk. Alemaniaren babesa jada lortu du Bruselak, baina Hungariak esan du ezin duela Batzordearen proposamena onartu, estatuaren segurtasun energetikoa «hondoratuko» lukeela argudiatuta. Kremlinek ohartarazi du Batasunak «garesti» ordainduko duela Errusia «kaltetzeko». Mariupolgo ebakuazioa oso gorabeheratsua izaten ari da.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, gaur, Europako Parlamentuan. ULIEN WARNAND / EFE
Irune Lasa - Mikel O. Iribar
2022ko maiatzaren 4a
18:33
Entzun

«Ez da erraza izango. Errusiako petrolioaren menpekotasun handia dugu. Baina egin behar dugu». Ukrainako gerra dela eta, Errusiaren kontrako zigorren seigarren paketea izan dute gaur hizpide eta eztabaidagai EB Europako Batasunean, Errusiako petrolioaren gaineko bahitura barne. Talde komunitarioarentzat ez da erabaki erraza hartzeko, ezta ezartzeko ere; horregatik gaur goizean Ursula Von der Leyen Batzordeko presidenteak Europako Parlamentuan esandakoak.

Enbargoa modu mailakatuan egingo dela azaldu du Von der Leyenek, «ahalbidetzeko guk eta gure bazkideek ziurtatuak izan ditzatela hornidura bide alternatiboak, eta merkatu globalean inpaktua ahalik eta txikiena izatea». Bahitura batekin arazorik handienak jar zitzaketen bi herrialdeei, Hungariari eta Poloniari, proposamenak epe luzeagoa ematen die enbargoa ezartzeko, 2023. urteko abendura arteko epea, Reuters berri agentziaren arabera. Budapestek, ordea, gaur bertan argi esan du «ezin» duela Batzordearen proposamena onartu, estatuaren segurtasun energetikoa «hondoratuko» lukeela argudiatuta; Hungariak petrolioaren %60 eta gasaren %85 Errusiatik jasotzen ditu. Aldiz, Alemaniaren babesa jada lortu du Bruselak, urtea amaitu arteko epe muga hori jarrita aski dutelako petrolioaren inportazioa etetea. Zigor paketeak, edozein modutan, Batasuneko herrialde guztien oniritzia behar du. Iaz, EBk 74.000 milioi euro eman zizkion Errusiari erregaiaren truke.

Errusiako erregaiaren enbargoa, halaber, ez da izan Europako Batzordeko presidenteak proposatu duen zigor bakarra: Errusiako beste hiru estatu hedabide Batasunean ikusi eta entzuteko debekua ezartzea —Rossiya, RTR Planeta eta VGTRK izango lirateke, BBC hedabidearen arabera—; Sberbank, Errusiako finantza erakunderik handiena, SWIFT sistematik kanporatzea; Ukrainako Butxa eta Mariupolgo hirietako «sarraskiekin» lotura izango luketen militarrak zigortzea; eta Kremlinari aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkieten EBko norbanakoak zigortuen zerrendara sartzea, baita Errusiako Eliza Ortodoxoko buru Patriarca Kirill ere, Kremlineko eledun Dmitri Peskoven familiarekin batera.

Hain zuzen, Peskoventzat, Mendebaldeak Errusiaren aurka ezarritako zigorrak «bi ahoko armak» dira. Gaur, bere eguneroko prentsaurrekoan adierazi du Kremlin «adi» dagoela, eta «aztertzen» ari dela nola erantzun seigarren zigor sortari. Hori bai, oroitu du EBko kide diren herrialdeek «garesti ordaindu» beharko dutela Errusia «kaltetzeko».

Maiatzaren 9an, Sobietar Batasunaren garaipenaren urteurrenean, Errusiako presidente Vladimir Putinek egin dezakeen balizko adierazpenaren harira, Peskovek erabat baztertu du egun horretan Kremlinek gerra deklarazio ofizialik egingo duenik. «Lelokeria hutsa da hori». Errusiaren ikuspegitik, Ukrainan ez dago gerrarik; «operazio militar berezi bat» baizik. Gerra ofizialki deklaratzeak 900.000 erreserbistak eta zibilak mobilizatzea ekar lezake. Bestalde, Kieven eta Moskuren arteko negoziazioei dagokienez, «irteerarik gabeko egoera batean» daudela esan du Kremlineko bozeramaileak.

Gerra frontean, Errusiako Defentsa Ministerioak adierazi du Lviv hiriko (mendebaldean) arma biltegiak bonbardatu dituzte, Mendebaldeko armen sarrera «oztopatzeko». Horrez gain, soldaduek Izium hiriaren (Kharkiv oblasta) inguruko eremu gehiago hartu dituzte azken orduotan. Donbass eskualdean, berriz, Ukrainaren arabera, armada eusten ari zaie Moskuren erasoaldiei; Errusiako Defentsa Ministerioaren esanetan, ordea, armadak «aurrera» egiten jarraitzen du. Bestalde, Ukrainako tropek gutxienez zibil bat hil dute Donetsk hiriko erregai biltegi bat suntsitu ostean, tokiko agintariek salatu dutenez.

Bitartean, Errusiako tropek setiatua duten Mariupolgo (Donetsk oblasta) eta Azovstal altzairutegiko zibilen ebakuazioa oso gorabeheratsua izaten ari da, konfiantza faltak eraginda su etenak eta bonbardaketan txandakatzen ari baitira. Bada, hiriko alkateak ziurtatu du industriagunean gotortuta dauden soldaduekin harremana galdu dutela. Bada, Sergei Shoigu Errusiako Defentsa ministroak asteazken honetan adierazi duenez, altzairutegiko soldaduak «modu seguruan blokeatu» dituzte, bertatik alde egin ez dezaten. Gainera, zehaztu du Ukrainako militarrei eskatu diela «armak uzteko» eta soldaduekin batera harrapatuta dauden berrehun bat zibil «askatzeko», «zibilen bizitzak salbatzearen eta tratu duina ematearen truke». Hala ere, Shoiguk ziurtatu du Kievek ez dituela eskaera horiek onartu.

Moskuko eta Kieveko armadek 3.250 zibil hil dituzte Errusiak duela bi hilabete pasa Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako azken datuen arabera. Horietatik 493 Donbass eskualdean hil dituzte.

Moldaviari laguntza gehiago

Europar Kontseiluko presidente Charles Michel Moldavian izan da gaur, eta EBk herrialdeari laguntza militarra eta energetikoa «nabarmen» handituko diola esan du. Hain zuzen ere, tentsioa nabarmen areagotu da Moldaviaren eta Transnistriaren arteko mugan, Errusiak otsailaren 24an Ukraina «operazio militar berezi bat» abiatu zuenetik. Transnistriako Gobernuak apiril amaieran salatu zuen bere aurkako hiru «eraso terrorista» jazo zirela, «Ukrainak bultzatuta».

Transnistria aitortzarik ez duen estatu bat da. Moldavia eta Ukraina artean dago, eta 1991tik, Sobietar Batasuna desegin zenetik, independentea da de facto. Gerra zibil bat irabazi ondoren aldarrikatu zuen independentzia, eta Errusiaren babesa eduki zuen. 520.000 bat pertsona bizi dira 4.100 kilometro koadrotan, eta gehiengoa errusiazalea da. Joan den hilean, Errusiako armadako jeneral batek ziurtatu zuen Ukraina hegoaldea okupatu nahi dutela, Transnistriaraino iritsi arte. Errusiak 1.500 soldadu ditu han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.