Innobasqueren tartea

Berritzeko tarte bat hartzea

Hazinnova programak enpresa txikiei laguntzen die hiru hilabetean emaitzak emango dituzten berrikuntzak aplikatzen. Royse enpresa potentzia transmititzeko elementuen salmentan aritzen da, eta eskaintzen jarraipena eta biltegiaren kudeaketa hobetzeko jo zuen Hazinnova programara.

Royse enpresa potentzia transmititzeko elementuen salmentan aritzen da. INNOBASQUE
2022ko maiatzaren 5a
08:33
Entzun

«Egunen batean aldatu behar dugu... ». «Ea berrikusteko tarte bat hartzen dugun…». «Tartetxo bat dugunean hau egin beharko genuke…». Enpresa guztietan entzuten dira horrelakoak; dena den, enpresa batzuetan berrikusketa lan hori egin, egiten dute; beste batzuetan, ordea, arriskua dago berrikuntzak inoiz ez ezartzeko, gehienbat beharrak ez baldin badaude identifikatuta. Arazo hori oso ohikoa da ETEetan eta mikroETEetan, baliabide mugatuak baitituzte eta ezin baitute lan erritmoa galdu. Horren ondorioz, azkenean, ezin dituzte txertatu lehiakortasuna hobetzeko aukera eman ahal dieten berrikuntza horiek, batzuetan oso jakinak diren arren. Hori eragozteko, Eusko Jaurlaritzak Hazinnova programa abiatu zuen 2019an. Haren bidez, bost langile edo gehiago dituzten enpresei aukera ematen zaie doako aholkularitza espezializatuko berrogeita hamar ordu jasotzeko, berrikuntza proiektu txikiak martxan jartze aldera.

Balbino e Hijos enpresak aurkeztu zuen proiektu txiki horietako bat. Errenteriako enpresa bat da, Rodamientos y Servicios (Royse) enpresaren barruan dagoena. Hartan, bederatzi pertsonak soilik lan egiten dute, eta duela 25 urte baino gehiagotik kojineteak, engranajeak eta potentzia transmititzeko beste elementu batzuk merkaturatzen dituzte. Enpresa horretako arduradunek Hazinnovaren berri izan zutenenean, aztertzen ari ziren lan egiteko moduari buruz hausnartzeko tarte bat hartzea, hau jakiteko: zein prozesutan lortu ahal zuten eraginkortasuna. Hala ere, ez zekiten oso ondo hori nola egin, ez eta nondik hasi ere. Enpresa zurea izateak eta xehetasun osoz ezagutzeak ez du esan nahi pertsonarik onena zarenik haren prozesuak osatzen dituzten zeregin, jarduera eta prozedura guztiak aztertzeko.

Programan izandako parte hartzeari esker konpondu zen eragozpen hori. Horrela, kanpoko laguntza jaso zuten azterketa hori egin eta hobekuntzak detektatzeko. Zehazki, Hazinnovak jarritako aholkulariek prozesuak jasotzeko erabakia hartu zuten. Metodologia horren bidez, enpresaren funtzionamendua aztertu, langileei elkarrizketak egin eta fluxu diagramak egin ostean, zeregin bakoitza dokumenta daiteke, eta enpresaren errendimendu maila zehaztu.

Analisiak aukera eman zuen biltegiaren kudeaketa aldatzeko eta eskaintza bakoitzari jarraitzeko prozesua berritzeko. Hau da, enpresak ekintza plan jakin bat dauka, eta hartan adierazten da eskaintzak nola aurkeztu behar diren. Besteak beste, zeregin hauek zehazten ditu: eskaintza bakoitzaren egoera sistematikoki eguneratzea eta eskari guztiak biltzen dituzten hileroko zerrendak egitea. Ekintza plan hori indartzeko, hileroko zerrenda bat osatzen da, eta hamabost minutuko bilerak egiten dira, egunero edo astero.

Programan proposatukoa betez, berrikuntza horiek emaitzak izan zituzten hiru hilabeteko epean. Emaitza horiek lortzeko, ezinbestekoa izan zen aholkulariaren eta sektorean eta merkatuan esperientzia duen eragile baten lana. Kasu honetan, Oarsoaldea eskualdeko garapen agentzia izan zen.

Spri Taldeak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak kudeatzen dute Hazinnova, eta parte hartzeko epea zabalik dago, abenduaren 1era arte. Guztira, 437 enpresak parte hartu dute, fabrikazioaren, logistikaren, merkaturatzearen edo administrazioaren eta finantzen arloetan hobekuntzak lortzeko xedearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.