Sanferminak

Udaltzaingoak iruzurra ikusita, sanferminetako karteletako «ezohiko» botoak baliogabetu egingo dituzte

Bihar arratsaldean berriz ere martxan izanen da bozketa. Astelehenean jakinaraziko dute zeinek irabazi duen.

Sanferminak iragar ditzaketen afixen aurkezpena Iruñeko Kondestablearen jauregian, apirilaren 25ean. JESUS DIGES / EFE
Iker Tubia.
2022ko maiatzaren 5a
11:23
Entzun

Sanferminetako afixak aukeratzeko prozesuan iruzur zantzuak daudela ebatzi du Udaltzaingoaren ikerketak. Hori dela eta, «ezohiko» botoak baliogabetuko ditu Iruñeko Udalak. Bihar berriz ere martxan paratuko dute aukeraketa prozesua, 15:00etan, eta hori izanen da botoa emateko azkenengo eguna. Astelehenean jakinaraziko dute zein izanen den aurtengo sanferminak iragarriko dituen afixa.

Udaltzainen txostenaren arabera, «susmagarriak» ziren botoak arakatu dituzte, eta horietarik «ia guztiak» ez zituzten nortasun agiri horien jabeek eman; hau da, norbaitek haien izen-abizenak eta nortasun agiriaren zenbakia erabili ditu botoa emateko, beti afixa beraren alde. Udaltzaingoak esan du ikerketarekin jarraituko duela gertatutako guzia argitzeko, ustezko iruzurraren egilea harrapatzeko eta egindako delituak egozteko.

Iruñeko Udalak salaketa paratu du gaur goizean Udaltzaingoan, iruzurra egon zitekeelakoan. Atzo arratsaldean bertan behera utzi zuen bozketa prozesua, udaleko webgunea kudeatzen duen ANIMSA enpresa publikoak alerta abisua eman ondoren. Ordu batzuetan afixa baten aldeko «ezohiko» boto kopurua antzeman zuten zenbait egunetan. Atzo zen botoa emateko azken eguna; beraz, bihar errekuperatuko dute galdutako denbora: 15:00etatik aurrera botoa emateko aukera izanen da, alegia, bozketa moztu zen ordutik aurrera; gauerdira arte.

Ikusi gehiago:Sanferminetako kartelak: Bueltan da San Fermin

ANIMSAk ikusi duenez, larunbatean eta igandean, kartel berak jaso zituen 20:00etatik 23:30era emandako botoen %90. Larunbatean 146 boto izan ziren; horietatik 132 jaso zituen aipatutako kartelak. Igandean 114 boto izan ziren tarte horretan, eta 94 kartel berarentzat izan ziren. Boto kopurua ezohikoa izan zen tarte horretan; adibidez, ostiralean, 20:00etatik 23:30era, 42 lagunek eman zuten botoa.

Atzo ere antzeko zerbait gertatu zela salatu zuen ANIMSAk: 13:00etatik 13:30era «ezohiko» boto kopurua jaso zuen aipatutako afixak. «Boto guziak kartel beraren aldekoak izateaz gainera, beste ezaugarri bat dute: gehienek ez dute bigarren abizena idatzi. Datu hori ez da derrigorrezkoa, baina parte hartzaile gehienek ematen dute», azaldu zuen Iruñeko Udalak ohar baten bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.