Komunikabideak

Galiziako Xuntak ez dio diru laguntzarik emango 'Nòs Diario'-ri, berriz ere

Galegozko egunkaria astean bost egunetan argitaratzen da, eta Xuntak diru laguntza ukatzeko argudiatu du ez dela egunero paperean argitaratzen den hedabide bat.

'Nos diario' egunkaria. BERRIA
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 5a
13:04
Entzun

Duela bi urte sortu zuten Nòs Diario galegozko egunkaria, 3.000 harpidedunen babesarekin. Baina oztopo zailak ari da topatzen bidean. Galiziako Xuntak bigarren urtez diru laguntzetatik kanpo utzi du. Xuntako komunikabideen saileko idazkaritzak maiatzaren 3an sinatutako ebazpenaren arabera, Sermos Galiza SA enpresari ez dio laguntzarik emango, «Nòs Diario ez delako egunero inprimatzen eta banatzen den kazeta bat». Galegozko egunkaria asteartetik larunbatera argitaratzen dute, astean bostetan. Interneten edizio jarraitua du, eta galegoz ematen du aktualitatearen berri.

OJD Espainiako Banaketa Egiaztatzeko Bulegoak neurtzen du prentsaren salmenta, eta hedabideek bulego horren txostenean agertu behar dute Xuntaren laguntzak jaso ahal izateko. OJDk egunkaritzat jotzen du astean lau egunez edo gehiagotan argitaratzen den hedabide bat. Xuntako idazkaritza orokorrak, berriz, ez du bestelako azalpenik ematen egunkariek izan behar duten maiztasunaren inguruan.

Diru laguntzen deialdian, irizpidea da paperezko egunkarien informazioaren %10 gutxienez galegoz argitaratzea, eta urtea amaitu arte galegoaren presentzia handituz joateko konpromisoa hartzea.

Iazko deialdian, La Voz de Galicia izan zen laguntzarik handiena jaso zuena: 584.723 euro —laguntza guztien %46,59—. Urrutik gelditu ziren Prensa Iberica (Faro de Vigo eta La Opinión egunkariak) eta El Progreso (El Progreso eta Diario de Pontevedra egunkariak) komunikazio taldeak.

Galego hutsean argitaratzen diren hedabideentzat bada Xuntaren laguntza lerro txiki bat, eta horretatik 30.000 euroko laguntza eman zion iaz Xuntak Nos Diario-ri. Baina hori izan zen jasotako laguntza publiko bakarra.

Publizitate instituzionalari dagokionez, Nòs Diario-k ohartarazi du Xuntak elkarlanerako hitzarmen bereziak sinatu ohi dituela zenbait hedabiderekin. Horietatik kanpo gelditzen dira sarri Nòs Diario eta galegozko beste hedabide batzuk. Nòs Diario-k azaldu duenez, diru laguntza publikoen legeak debekatu egiten du zenbait laguntza lehiaketarik gabe ematea.

Mar Sanchezek sinatu du galegozko egunkari hori diru laguntzetatik aparte utzi duen ebazpena. Xuntako Komunikabideen idazkari nagusia izan da azkeneko urteetan, eta kargua utzi du, Alberto Nuñez Feijoorekin Madrilera joateko —apirilaren 2an PPko presidente izendatu zuten Feijoo—.

Galegozko egunkaria astean bost egunetan argitaratzen da, eta Xuntak diru laguntza ukatzeko argudiatu du ez dela egunero paperean argitaratzen den hedabide bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.