Funtzio Publikoa

Plazen %60 merezimendu bidez ebatziko dira Jaurlaritzaren Administrazio Orokorrerako deialdian

Jaurlaritzak 3.108 langileko deialdia egingo du aurten Administrazio Orokorrerako eta 1.884 plazatan «bereziki kontuan hartuko dira deialdia egin duen administrazioan lanean emandako urteak». ELAren arabera, gutxienez, 4.500 plaza bete beharko lirateke, behin-behinekotasuna egiaz murrizteko.

Hezkuntzarako iaz Jaurlaritzak egindako oposizio lehiaketako azterketa bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irune Lasa.
2022ko maiatzaren 5a
16:26
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko arduradunek gaur jakinarazi diete sindikatuei Administrazio Orokorrerako aurten zenbat funtzionario hartzeko asmoa duen. Guztira 3.108 plazako deialdia izango da, hainbat deialditan egingo dena.

«Eskain daitezkeen lanpostu huts guztiak eskaintzen dira», Jaurlaritzaren arabera, «eta gainera, euskal administrazio publikoan bitarteko langileen tasa handia murrizteko hartutako konpromisoari erantzuten zaio».

Funtzionarioentzako plaza guzti horietatik 1.884 merezimendu-lehiaketa bidez ebatziko dira, eta gainerako 1.219ak lehiaketa-oposizio bidez. Horrek esan nahi du, administrazio horietan behin-behinean urteetan jardun diren langileei begira atonduta daudela deialdiko plazen %60,6.

Ikusi gehiago:LABek esan du Eusko Jaurlaritzak hezkuntzarako egindako lanpostu eskaintza ez dela nahikoa

Jaurlaritzaren arabera, merezimenduzko lehiaketetan «aspiranteen merezimenduak baino ez dituzte baloratuko, eta bereziki kontuan hartuko dira deialdia egin duen administrazioan lanean emandako urteak, bai eta prestakuntza profesional eta akademikoa, besteak beste».

Eskainitako lanbide eskalak berrogeita hamar inguru dira, eta, besteak beste, honako hauek hartzen dituzte: administrazio langileak, legelariak, gizarte eta lan arreta, estatistikak, hizkuntza normalizazioa, osasun publikoa edo epidemiologia.

Murritza

ELA sindikatuaren ustez, murritza da Jaurlaritzaren 3.108 plazako deialdia, Iceta legeak jasotzen duen behin-behinekotasun tasa betetzeko 4.500 plaza bete beharko liratekeelako. Gaur egun, behin-behinekotasun tasa %57koa da Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan (Osalan, Lanbide, Ibaiondo); besteak beste, hainbat urteetan ez delako lan eskaintza publikorik egin.

Ondorioz, bete beharko liratekeen 4.500 plaza horietarako beste langile daude, postu horietan urteak daramatzatenak behin-behinean lanean, eta orain Egonkortze Legeak (Iceta Legeak) ezarritako baldintzak betetzen dituztenak. ELA sindikatuak eta Interino taldeak mobilizazioak egin dituzte azken asteetan, Jaurlaritzari kontsolidazio prozesu bermatzaile bat eskatzeko Administrazio Orokorrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.