BERDINTASUNA

Tinta morez idazten da BERRIA

Emakunderen berdintasun saria jaso du egunkari honek, feminismotik egindako lanagatik. Astelehenean izango da sari banaketa, Euskaldunan

jarraia213031.jpg
2022ko maiatzaren 6a
13:19
Entzun

Emakundek joan den abenduan iragarri zuen Berria zela aurtengo berdintasun sariaren irabazlea. Hain zuzen, astelehenen honetanemango dio saria, Bilboko Euskalduna antzokian, 17:00etan. Pikara Magazine aldizkaria eta Lucia Martinez Odriozola kazetaritza irakasle izandakoa—iazko abuztuan hil zen— dira beste bi sarituak.
Aspalditik dator Berriak berdintasunaren alde egindako lana: Euskaldunon Egunkariak eman zituen lehen pausoak, eta pauso horien arrastoak baziren moreak jada. Horren erakusgarri da, esaterako, 1994. urtean Emakundek berak Euskaldunon Egunkariari emandako berdintasun saria, «komunikabide horren lan iraunkorragatik, emakumezko kirolarien albisteak jasotzen».

1994. urtean jaso zuen BERRIAk lehen aldiz Emakunderen berdintasun saria

BERRIAk ere, urte luzez jarraitu die lorratz horiei, eta egin ditu pauso berriak ere: berdintasunean sakontzeko; Euskal Herriko egunkari feminista bat sortzeko. Gizartea nola, horrela moldatu du bere jarduna egunkariak ere; baina beti gizarte berdinzale bat helmuga gisa hartuta.

Egunero eta modu transbertsalean. Horrela aplikatzen du feminismoa BERRIAk. Horren adibide dira, besteak beste, hilketa matxistei buruzko Euskal Herriko datu guztiak biltzen dituen datu basea sortzea, esaterako. Arazoaren tamaina bere neurri osoan erakutsi eta memoria ariketa kolektibo bat egiteko tresna da datu basea; ez baitago Euskal Herriko osoko datu horiek biltzen dituen beste gunerik. Egunkaria 2003an sortu zen, eta orduan hasi zen hilketa matxisten datuak biltzen. Hamabost urte beranduago, datu guztiak herritarren eskura jarriko zituen webgunea sortu zuen. Berria FM podcast-a da beste adibideetako bat. 2019. urtean jaio zen, eta denetariko gaiak sustatzen ditu; hori bai, genero ikuspegitik landuta.

Hala ere, feminismoaz eta feminismotik idatzitako eduki espezifikoaz gain, beste edozein gai ere begirada berdinzale batetik lantzen du komunikabideak. Albiste, erreportaje, elkarrizketa edota azalean agertzen diren emakume kopurua gizonekin berdintzeko ahaleginez gain, estereotipoak deseraikitzeko saiakera etengabea egiten dute BERRIAko kazetariek, eta hizkuntza eredu feminista bat garatzeko lanketa etengabea egin du euskara taldeak ere. Horrez gain, ez du soilik kazetaritza testuetan erreparatzen; Begira komunikazio eta publizitate ez-sexisten kode deontologikoaren eta Bai sarerako kide ere bada.

Baina kanpora begirakoa feminista izateko, ezinbestean izan behar ditu barrenak ere halakoak. Enpresa barneko II. Berdintasun plana aurkeztu berri du, eta lan talde batek hartzen du ardura hedabidea geroz eta feministagoa izateko: kudeaketan, marketinean, diseinuan edo kanpo harremanetan, besteak beste.

Bide luzeak eraman du egunkaria errealitate feminista baterantz; BERRIAri berdintasun saria emango zitzaiola iragarri zutenean, Maite Asensio Lozano kazetariak gogoratu zuen hedabideak aspaldi duela konpromisoa berdintasunarekin, eta Euskaldunon Egunkaria-n emakume feministen talde batek bidea urratu zuela. «Haiei zor dizkiegu egun dauzkagun oinarri sendoak. Sari hau Euskaldunon Egunkaria-rena ere bada». Baina bidea ez da amaitu; etorkizuna ere tinta morez idatziko du BERRIAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.