Ikerketa

Bilboko hilketekin lotutako «sei kasu» ikertzen ari direla esan du Erkorekak

Josu Erkoreka Segurtasun sailburua eta Josu Bujanda Ertzaintzako burua prentsaren aurrean agertu dira Bilbon, kasuaren inguruko azalpenak emateko. Atzo atxiloturiko gizonezkoa «informazioa ematen» ari dela esan dute.

Bilbon eraso homofobo bat salatzeko iaz egin zuten bilkura bat. ECUADOR ETXEA
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 6a
16:43
Entzun

Bilbon hil dituzten gizonezkoen ustezko hiltzaileak bere burua entregatu zuen atzo arratsaldean Ertzaintzaren komisaria batean, Ertzaintzak BERRIA-ri baieztatu zionez. Gaur, 16:30ak aldera, Josu Erkoreka Segurtasun sailburua eta Josu Bujanda Ertzaintzako burua prentsaren aurrean agertu dira, Bilbon, kasuaren inguruko azalpenak emateko, baina ez dute datu askorik eman epaileak kasua sekretupean duela argudiatuta. Edonola ere, denera sei kasu ikertzen ari direla esan dute.

Gaztea berehala hartu zuten preso, haren kontrako atxilotzeko agindu bat zegoelako. Azaldu dutenez, ikertzen ari diren kasu guztiak Bilbon gertaturikoak dira, baina ikertzen ari dira Euskal Herriko beste lekuetan edo Espainian antzekoak egin diren.
Erkorekak esan du saiatzen ari direla susmagarriak «daturen bat eman» dezan. Edonola ere, atxilotutakoa «informazioa ematen» ari dela gaineratu du. Eskatu du presiorik ez egiteko ikerketa azkartzeko, «zuhurtzia handiz» jokatzen ari direlako. «Lana koordinatua da, eta zorrotza, eta emaitzak ditu».

«Kasu bat daukagu esku artean ustezko homizidioarena, eta kasu horretan badaude froga toxikologikoak bermatuta», esan du sailburuak. Horrez gain, badituzte beste bi ustezko homizidio saiakera, eta beste hiru kasu ikertzen ari dira. Sei kasu ikertzen ari dira denera. Kasu guztiak «hari berekoak» ote diren aztertzen ari dira, Fiskaltzarekin eta Bilboko instrukzio epaitegiarekin batera.

Zenbait hedabidek zabaldu zutenez, Irungo komisarian aurkeztu zuen bere burua gizonak atzo, bere kontrako karguak ukatu zituen, eta «ikerketan laguntzeko» prest agertu zen. Ertzaintzak ez du halakorik baieztatu, ezta gezurtatu ere. Ordurako zenbait hedabidek emana zuten hilketen ustezko egilearen identitatearen berri, eta haren argazki bat ere zabaldua zuten.

Printzipioz bi hilketarekin erlazionatzen dute gizona, baina zantzuak badira gutxienez beste birekin ere lotzeko. Harekin harremanak izateko kontaktuetarako aplikazio baten bidez jartzen zen harremanetan biktimekin, ikerketak aurrera egin ahala argitu dutenez.

Nelson David M.B. gisa identifikatu du Ertzaintzak gizonezkoa. Zabaldu dutenez, 25 urte ditu, eta kolonbiarra da. Iruzurra egiteagatik aurrekariak ditu. Lehen ere atxilotuta egon da, baina larriak ez diren delituengatik. Bi urtez Bilbon bizi izan zen, baina Herrialde Katalanetan ere ibili zen, eta han Bilbokoa bezalako kasuak gertatu ote diren ikertzen ari dira.

Iaz, Espainiako agintariek kanporatzeko agindua eman zuten haren kontra.

Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, kreditu txartelen bidezko iruzurrarengatik atxilotu zuten. Bikotekideei kontuetatik dirua ateratzen zien, ohartzen ez zirenean, euren txartelak erabilita.

Ertzaintza haren atzetik zebilen abendutik, baina atxilotzeko agindua martxoan eman dute azkenean.

Susmoa dute gizonezkoekin harremanetan jartzeko aplikazioetan harremanetan jarri zen beste bi gizonen heriotzarekin ere lotuta dagoela gizonezko hori. Izan ere, antzeko heriotzak izan ziren. Madrilen eta Valentzian (Herrialde Katalanak) ere ari dira susmagarriari buruz ikertzen, Efek zabaldu duenez, ez baitute baztertzen han beste delitu batzuk ere egin izana.

Joan den urteko irailetik urrira bitartean hilda agertutako kasuekin lotzen dute. Hasieran, familiartekoek eta Poliziak pentsatu zuten denak modu naturalean hil zirela. Ikerketak aurrera egin ahala egiaztatu zuten guztiek erabili zutela gizonezkoekin harremanak izateko Wapo aplikazioa, eta hil ondorengo egunetan dirua desagertu zen gizon horien kontu korrontetik. Eferen arabera, susmagarriak bere objektu pertsonalak eta substantzia estupefazienteak zituen motxila bat utzi zuen Bilboko Alde Zaharreko etxe batean, eta horrek erraztu du haren identitatea jakitea.

Beldurra erauzteko deia

Gertakarion harira, Bizkaiko E28 koordinakundeak LGTBI+ komunitatea jasaten ari den «indarkeria bolada» salatu du, eta azken egunotan Getxon eta Zornotzan izandako erasoak ere gogorarazi ditu. Erasoei aurre egiteko eta «beldurra alde batera uzteko», elkarretaratzera deitu du. Maiatzaren 17an egingo dute, Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean, 20:00etan.

Bestalde, Gasteizko Ikusgune LGTBI+fobiaren Behatokiak, Homofobiaren Kontrako Kataluniako Behatokiak eta Espainiako Trans Plataformak ohar bidez esan dute kezka eta sumindura sortu dietela Bilboko hilketek. Gertatutakoa gaitzetsi dute, eta gune «seguruak» eskatu.

Auziaren arretagunea hiltzailearen estrategian jartzeko eskatu dute, eta hildakoak ez «birbiktimizatzeko». Taldeek nabarmendu dute LGTBI kolektiboko kideek beren sexualitatea adierazteko askatasuna izan behar dutela, «inolako diskriminazio edota erasorik jasateko arriskurik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.