Sinn Fein doa aurretik, hamasei eserleku lortuta

90 eserlekuetatik 34 banatu dituzte, eta alderdi errepublikanoak hamasei parlamentari eskuratu ditu; zazpi Aliantza Alderdiak; sei DUP Alderdi Demokratiko Unionistak; hiru UUP Ulsterko Alderdi Unionistak; bana Independenteak eta SDLP Alderdi Sozial Demokrata Laboristak. Parte hartzea %63,6koa izan da.

jarraia213046.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 6a
17:38
Entzun

Ipar Irlandako Asanblearako hauteskundetako lehen emaitzak hasi dira apurka-apurka heltzen. Behin betiko emaitzak bihar arratsalderako espero badituzte ere, jada 90 eserlekuetatik 34 banatu dituzte, eta inkesten arabera bozak irabaztekoa den Sinn Fein alderdi errepublikanoak eskuratu ditu parlamentari gehien: hamasei; zazpi legebiltzarkide lortu ditu Aliantza Alderdiak; sei DUP Alderdi Demokratiko Unionistak; hiru UUP Ulsterko Alderdi Unionistak; eta bana Independenteak eta SDLP Alderdi Sozial Demokrata Laboristak. Parte hartzea %63,61ekoa izan da; 2017ko bozetan %64,8koa izan zen.

Lehenbiziko aukerako botoen artean, Sinn Feinek jaso ditu bozka gehien, alde handiarekin, gainera: %29 lortu ditu, 2017ko bozetan baino 1,1 puntu gehiago; DUPek, berriz, jaitsiera nabarmena izan du, eta %21,3 eskuratu ditu, aurrekoan baino 6,7 puntu gutxiago; aldiz, Aliantza Alderdiak gorakada esanguratsua izan du: lehenbiziko aukerako botoen %13,5 jaso ditu, orain dela bost urte baino 4,5 puntu gehiago.

Michelle O'Neill Sinn Feineko presidenteordea eta lehen ministro izateko hautagaia arratsaldean aukeratu dute Ulster Erdia barrutian, 10.845 botoekin. «Eskertuta» mintzatu zaie jarraitzaileei, eta, aurrenekoz, Irlanda iparraldeak irlaren batasuna nahi duen lehen ministro izateko aukeraz galdetuta, zuhurtziaz erantzun du: «Oso goiz da horretaz hitz egiteko. Boto guztiak zenbatuko ditugu». Halaber, nabarmendu du prest dagoela gainerako alderdiekin batera gobernua partekatzeko, «herritarren mesederako baita». Alderdiko presidente Mary Lou McDonaldek, aldiz, gogor du DUP alderdi unionistaren aurka; besteak, beste, «negoziatzeko, lan egiteko eta elkarlanean aritzeko ezintasuna» izatea leporatu dio, BBC hedabideari emandako elkarrizketa batean.

Bestalde, hauteskunde kanpainan egindako lanari balio handia eman dio O'Neillek. Hain zuzen ere, Sinn Feinek auzi sozioekonomikoetan jarri du arreta berezia, Irlandaren batasunean edota Ipar Irlandarako Protokoloan baino. Herritar askoren kezka nagusiak baitira osasun sistemaren egoera, etxebizitza lortzeko zailtasunak eta erosteko ahalmena.

Jeffrey Donaldson DUPeko liderra ere hautatu dute, Lagan bailaran, 12.626 bozkekin. Hauteskundetako emaitzak «oso estuak» espero ditu, eta, beraz, «elkarlanerako» deia egin die gainontzeko alderdi unionistei. Ildo beretik mintzatu da Paul Givan alderdi unionistako kide eta Ipar Irlandako lehen ministro ohia. Adierazi du hauteskunde kanpaina «zaila» izan dela. Horrez gain, Ipar Irlandako Protokoloaz ere hitz egin du: «Gobernuak egoki funtzionatzea nahi dut. Horregatik, Londresi behin baino gehiagotan esan diogu hesiak eraitsi behar ditugula».

Aliantza Alderdiko buru Naomi Long Belfast ekialdean aukeratu dute, 8.195 botoekin. Haren hitzetan, «lan serio eta duina» egitera joango dira Asanbleara: «Ez gaude jolasetarako», ohartarazi du.

Sinn Feinek bozak irabazten baditu ere, ikusteke dago DUP O'Neill errepublikanoa buru duen gobernuan sartuko litzatekeen. Izan ere, alderdi unionistako buruzagi Donaldsonek mehatxu egin du, esanez Asanblean gobernabidea blokeatuko duela baldin eta Sinn Feinek ordezkaritzarik handiena lortzen badu, eta Erresuma Batuko Gobernuak eta Europako Batzordeak ez badute Ipar Irlandarako Protokoloa aldatzen. Hala, jarrera horri eusten badio, herrialdea blokeo politikora itzul daiteke. Horiek horrela, giltzarri izan daiteke bozetan emaitza bikoiztea lor dezakeen Aliantza Alderdia; aste honetako inkesta batek parez pare jarri ditu Aliantza Alderdia eta DUP, %18,2an.

Hain justu, Paul Givanek iragan otsailean eman zuen dimisioa lehen ministro kargutik, DUP haren alderdiak protokoloaren inguruan dituen desadostasunengatik. Londresek eta Bruselak adostu zuten testu hori brexit-aren negoziazioetan, eta, horren bidez, Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraitzen du ondasunentzat, eta Europako Batasunaren aduana legeak errespetatu behar ditu bere portuetan.

2017ko bozetan, ozta-ozta irabazi zion DUPek Sinn Feini; 90 eserlekuetatik 28 eskuratu zituen alderdi unionistak; bat gutxiago errepublikanoek. Alderdi unionistentzat, oro har, emaitza txarra izan zen: lehenbiziko aldiz, gehiengoa galdu zuten parlamentuan, UUP Ulsterko Alderdi Unionistak hamar eserleku baino ez baitzituen lortu. Azken horren aurretik SDLP Alderdi Sozial Demokrata Laborista geratu zen hirugarren, hamabi legebiltzarkiderekin; gaurko bozetan ezustea eman dezakeen Aliantza Alderdia izan zen bosgarren indarra, zortzirekin; Alderdi Berdeak bi parlamentari eskuratu zituen; eta bana TUV Ahots Tradizional Unionistak, Independenteak eta People Before Profitek.

Zerrendak irekiak dira: herritar bakoitzak nahi adina alderditako nahi adina hautagai aukera ditzake, baina zenbakiekin ordenatu behar ditu, gustukoenetik hasita. Botoen lehenbiziko zenbaketan, puntuazio gorena (1) jaso duten botoak soilik hartzen dira kontuan, eta beharrezko kuota betetzen duten hautagaiak zuzenean sartzen dira parlamentura. Kuota gainditzen badute, «sobera» dituzten botoak zerrendako bigarren hautagaira igarotzen dira, eta horrela 90 eserlekuak bete arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.