Kuba

Gutxienez 22 pertsona hil dira Habanan, hotel batean gertaturiko gas leherketan

Eraberritzen ari ziren eraikina, hiriburuko gunerik turistikoenetako batean. Gas isuri bati egotzi diote leherketa. Hotelaren lau solairu amildu dira, eta baliteke guztiz erortzea.

Saratoga hotela, leherketaren ostean. BERRIA
Edu Lartzanguren - Mikel O. Iribar
2022ko maiatzaren 6a
20:00
Entzun

Leherketa handi batek astindu du Kubako hiriburua, han goizeko ia hamaikak zirela —Euskal Herrian 17:00ak—. Saratoga hotelean gertatu da eztanda, eta haren sei solairuetatik lau suntsitu ditu. Leherketak hainbat auto eta autobus ere deuseztatu ditu. Kubako agintariek emandako azken datu ofizialen arabera, gutxienez 22 pertsona hil dira ezbeharrean, tartean adingabeko bat, eta 60 lagunetik gora zauritu dira. Horrez gain, 13 pertsona desagertuta daude.

Hondamendia askoz handiagoa izan zitekeen: hotela hutsik zegoen, eraikina eraberritzen ari zirelako. Barruan bakarrik langile batzuk eta segurtasuneko kideak zeuden. Datorren asteartean zabaldu behar zuten.

Habanako turismo gune nagusietako batean dago eraikina, Kapitolioaren aurrean. Eztandak kalteak sortu ditu inguruko etxebizitza batean eta eskola batean.

Ernesto Mastrascusa / EFE

Agintariek esan dutenez, gas isuri batek eragin du leherketa, eta litekeena dela hotelaren sukaldean pilatu izana. Ohartarazi dute balitekeela eraikin osoa hondoratzea. Adierazi dutenez, hoteleko biltegiak gas likidoz betetzeko unean gertatu da eztanda. Gas kamioia hondakinen azpian dagoela adierazi dute, eta haren gidariaren arrastorik ez dagoela.

Leherketaren ondorioak. / Oficina del Historiador

1880. urtean altxatu zuten eraikin dotorea. Hotel gisa 1933. urtean hasi ziren erabiltzen. Izurriak turismoa galarazi zuenez, azken bi urteotan horretaz baliatu dira hotela eraberritzeko. Bost izar zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.