LEVANTE 2-1 REALA

Kolpe latza jaso du Realak, eta atzerapausoa eman

Talde txuri-urdinak galdu egin du Levanteren zelaian, eta aurkariei aukera eman die are eta gehiago gerturatzeko. Aspaldian ate aurrean duen ezinak eta 87. minutuan epaileak adierazitako penalti eztabaidagarri batek kondenatu du Imanol Alguacilek entrenatutako taldea

Andoni Gorosabel, jaurtitzen. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 6a
23:16
Entzun

Esku hutsik eta burumakur itzuliko da Reala etxera, galdu egin baitu gaur gauean Valentzian (Herrialde Katalanak), Levanteren aurka: 2-1. Emaitza txarra da, eta Europarako sailkatzea zailduko dio talde txuri-urdinari. Beste emaitzen zain, ia ezinezko jarri zaio Txapeldunen Ligarako sailkatzea, eta gogor borrokatu beharko da Europa liga jokatzeko. Lau puntu ateratzen dizkio Vila-reali, eta bost Athletici, baina bi talde horiek ez dute oraindik jokatu jardunaldi honetan. Beraz, gehiago gerturatu ahal zaizkio.

Azken-aurrena da Levante, eta, beraz, hark zuen premia gehien irabazteko. Hasieratik geratu da argi. Gogotsu zelairatu da, presioa oso aurrean eginez. Realari kosta egin zaio hasieran presio horri aurre egitea, eta larri ibili da lehen minutuetan. Argi zegoen talde bakoitzaren nahia: etxekoek bizi-bizi jokatu nahi zuten, eta bisitariek, patxadaz.

Helburua lortu du Realak, eta baloiaren jabe eginda, aginte makila hartu du. Lehen aldiz, aurkariaren areara gerturatzen hasi da. Isakek lehen abisua eman du hamalaugarren minutuan, baina Cardenasek kornerrera bidali du baloia. Sorlothek eman du bigarrena, 30. minutuan. Gorosabelek erdiraketa neurtua egin du, norvegiarrak buruz errematatu du, baina baloiak zutoina ukitu du, eta kanpora joan da. Hurrengo jokaldian, berriz, langara bota du baloia Isakek, area barrutik. Baina Realak ez ezik, Levantek ere izan du aukera gola sartzeko. Moralesek izan du lehena. Area barrutik jaurti du, eta Remirok urrundu egin du hankarekin lehenbizi, eta eskuarekin gero.

Joan-etorrikoa bilakatu da partida, eta hurrengo jokaldian Gorosabelek gertu izan du gola, baina indarrik gabe jaurti du, eta Soni denbora eman dio baloia Cardenasi emateko. Jarraian, Moralesek bigarren aukera garbia izan du, Merinok atzera egindako pase txar bat baliatuta, baina Remirok berriro zapuztu du Levanteko aurrelariaren ahalegina. Hutsean amaitu da lehen zatia. Sinestezina zirudien, dozena erdi aukera garbi egon baitira: Realak lau izan ditu, eta Levantek bi. Baina eskas aritu dira bi taldeetako aurrelariak.

Etenak ez du ezer eten, eta errimo bizian hasi da bigarren zatia ere. Hasi eta gutxira, zutoinera bota du berriro baloia Sorlothek, baina jokoz kanpo zegoen Realeko aurrelaria. Bost minutu geroago iritsi da partidako lehen gola. Miramonek sartu du, area ertzetik jaurtita. Remirok ukitu egin du baloia, baina alferrik. 1-0. 52. minutua zen. Etxekoek helburua bete zuten: gola sartzea. Txuri-urdinek kontrakarrean aritu beharko zuten.

Beharrak aurrera egitera eraman ditu, eta Diego Ricok gertu izan du berdinketa, baina haren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Gertuago izan du Isakek banakoa, baina langara bota du bigarrenez baloia. Zorionez, Gorosabelek jaso du aldaratzea, erdiratu egin du, eta Silvak bikain errematatu du buruz area txikian. 66. minutua zen. 25 minutu falta ziren, eta itxura zen ez zela azken gola izango.

Halaxe izan da, eta Levantek bigarren gola sartu du, Rogerrek, baina epaileak baliorik gabe utzi du, aurrelaria jokoz kanpo baitzegoen. Ia jarraian, Silva bigarren gola sartzekotan izan da, baina Levanteko atzelari batek urrundu du baloia azken unean.

87. minutuan izan da partida erabaki duen jokaldia. Baloia bere egin nahian, Diego Ricok nahigabe eman dio ukabilkada bat Rogerri, eta epaileak penaltia adierazi du. Oso zorrotza izan da erabakia. Melerok bota du penaltia, eta 1-2koa lortu du. Bost minutu eskas falta ziren, eta Zubimendik azken aukera bat izan du berdintzeko, baina alferrik. 2-1ekoarekin amaitu da neurketa. Kolpe latza da Realarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.