Sinn Feinek aurrenekoz irabazi ditu bozak, eta alderdi unionistak apaldu egin dira

Ganberako 90 eserlekuetatik 88 zehaztuta daude, eta alderdi errepublikanoak azken Asanblearako bozetan eskuratutako eserleku kopuru berari eutsi dio: 27 aulki. DUP alderdi unionista 24 aulki lortu ditu, lau galtzeraino; Aliantza Alderdiak, ostera, zortzitik hamazazpira bikoiztu du legebiltzarkide kopurua; UUP Ulsterko Alderdi Unionistak bederatzi lortu ditu; SDLP Alderdi Sozial Demokrata Laboristak, zazpi; eta Independenteak, lau.

Michelle O'Neill Sinn Feineko presidenteordea, erdian. STRINGER / EFE
Mikel O. Iribar - Uxue Rey Gorraiz
2022ko maiatzaren 7a
08:19
Entzun

Ipar Irlanda duela mende bat sortu zenetik aurrenekoz, irlaren batasuna nahi duen lehen ministro bat egon daiteke, Asanblearako hauteskundeak irabazi ondotik: Michelle O'Neill, Sinn Fein alderdiko presidenteordea. Ganberako 90 eserlekuetatik 88 zehaztuta daudela, errepublikanoek 27 eskuratu dituzte, eta, gisa horretara, 2017ko bozetan lortutako legebiltzarkide kopuru berari eutsi die. Alderdi unionistentzat, oro har, emaitza txarra izan da: DUP Alderdi Demokratiko Unionistak, aldiz, jaitsiera izan du, eta 24 legebiltzarkiderekin geratu da, iaz baino lau gutxiago. Inkestek aurreikusten zuten Aliantza Alderdiaren gorakada ere gauzatu da; hamazazpi eskuratu ditu errepublikanoen eta unionisten artean hirugarren bidea izan asmo nahi duen alderdiak, aurrekoan baino bederatzi gehiago.

Gainerako alderdiei dagokienez, berriz, UUP Ulsterko Alderdi Unionistak bat galdu du, bederatzirekin geratzeraino. Errepublikanismoaren aukera moderatuagoa izan ohi den SDLP Alderdi Sozial Demokrata Laboristak kolpe handiagoa hartu du, eta zazpi eserleku eskuratu ditu, duela bost urte baino lau gutxiago. Azkenik, Independenteak alderdiak lau aulki lortu ditu.

Lehenbiziko aukerako botoen artean, Sinn Feinek jaso du boto gehien, alde handiz, gainera: %29 lortu ditu, 2017ko bozetan baino 1,1 puntu gehiago; DUPek, berriz, jaitsiera nabarmena izan du, eta %21,3 eskuratu ditu, aurrekoan baino 6,7 puntu gutxiago; aldiz, Aliantza Alderdiak gorakada esanguratsua izan du: lehenbiziko aukerako botoen %13,5 jaso ditu, orain dela bost urte baino 4,5 puntu gehiago. Parte hartzea %63,61ekoa izan da; 2017ko bozetan baino zertxobait apalagoa: %64,8koa izan zen urte hartan.

Sinn Feinek zukua atera dio hauteskunde kanpainari. Hain zuzen ere, alderdi errepublikanoak auzi sozioekonomikoetan jarri du arreta berezia, Irlandaren batasunean edota Ipar Irlandarako Protokoloan baino. Herritar askoren kezka nagusiak baitira osasun sistemaren egoera, etxebizitza lortzeko zailtasunak eta erosteko ahalmena. O'Neillek «batasunerako» deia egin du emaitzak jaso berritan; DUP Alderdi Demokratiko Unionistarekin, bigarren bozkatuena izan den alderdiarekin, osatu beharko baitu gobernua. «Lidergo inklusiboa eskainiko dut, aniztasuna bermatzen duena, iraganean baztertuak, diskriminatuak edo ezinikusiak izan direnentzat eskubideak eta berdintasuna bermatzen dituena».

Galtza bete lan gobernua osatzeko

Sinn Feinek bozak irabazi baditu ere, ikusteko dago DUP O'Neill errepublikanoa buru duen gobernuan sartuko litzatekeen. Izan ere, alderdi unionistako buruzagi Jeffrey Donaldsonek mehatxu egin du, esanez Asanblean gobernabidea blokeatuko duela baldin eta Sinn Feinek ordezkaritzarik handiena lortzen badu eta Erresuma Batuko Gobernuak eta Europako Batzordeak ez badute aldatzen Ipar Irlandarako Protokoloa. Beraz, jarrera horri eusten badio, baliteke herrialdea blokeo politikora itzultzea. Zalantzak daude, beraz, DUPek Sinn Fein buru duen gobernuan parte hartuko duen ala ez.

Hain justu, Paul Givanek iragan otsailean eman zuen dimisioa lehen ministro kargutik, DUP haren alderdiak protokoloaren inguruan dituen desadostasunengatik. Londresek eta Bruselak adostu zuten testu hori brexit-aren negoziazioetan, eta, horren bidez, Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraitzen du ondasunentzat, eta Europako Batasunaren aduana legeak errespetatu behar ditu bere portuetan.

Nolanahi ere, Donaldson alderdi unionisten buruak BBC hedabidean adierazi duenez, alderdiaren hurrengo urratsak zein izango diren jakiteko garrantzitsua izango da datorren astean Elizabeth II.a Erresuma Batuko erreginak egitekoa duen hitzaldian zer esango duen. «Alderdiko buruak mahai berean eseriko gara datorren astean, erabaki bat hartzeko».

Horiek horrela, giltzarri izan daiteke Aliantza Alderdia. Hain zuzen, bere burua ez unionistatzat eta ez errepublikanotzat ez daukan alderdiko buru Naomi Longen hitzetan, «lan serio eta duina» egitera joango dira Asanbleara: «Ez gaude jolasetarako», ohartarazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.