Katalunia

Bascara udalerriak Kataluniako Errepublikako «lurralde aske» izendatu du bere burua

Desobedientzia Zibila taldeko zenbait ekintzailek «mugako pasabideak» ezarri dituzte udalerriaren ertzetan. Pasaporte katalanak banatzen ari zaizkie igarotzen diren herritarrei. 'Vilaweb' hedabideak eman du albistearen berri.

Desobedientzia Zibila taldeko bi ekintzale Bascarako Udaletxean, gaur. VILLAWEB
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko maiatzaren 7a
12:50
Entzun

Asteburua ez da nolanahikoa izaten ari Bascaran (Katalunia); udalerria ez da atzo oheratu bezala esnatu gaur. Bada alderik, eta bada erantzulerik ere: Desobedientzia Zibila izeneko taldeak ekarri du aldaketa, aldarri ozenez. Hainbat lagunek aldarrikatu dute Bascara udalerria Kataluniako Errepublikako «lurralde askea» dela, eta ez Espainiaren parte, beraz. Vilaweb-ek jakinarazi du gertatua.

Udalerriak bere buruari eginiko aitortza hori, gainera, ez da hitzetara mugatu. Besteak beste, ekintzaileek muga pasabideak paratu dituzte herriaren inguruetan. Hala, pasaporte katalanak ari zaizkie ematen bertatik iragaten diren ibilgailuei, udalerria Kataluniako Errepublikaren parte izanik, hori baita, haien esanetan, herritarrek beharko dutena. Txanpon bat ere jarri dute martxan: cat izeneko txanpona.

Ekintzaileak grinaz ari dira aldarria ozendu nahian. Afixak eskegi dituzte herrian. Monarkiaren aurkako mezuak eta Espainiako banderaren gaineko iruzkinak daude horietan adierazita. «Legeak aginduta dago bandera hori hemen. Errespetatzen dugu, baina ez da gurea».

Espainiatik kanpo

Zuriz jantzita eta aurpegierak erdi estalita, Bascarako udaletxera sartu dira ekintzaileetako bi. Balkoira atera dira udalerriaren izaera aldarrikatzera. «Jadanik ez gaude Espainiaren legeen menpe. Gaurtik, Kataluniako Errepublikaren kontrolpean dago herria», esan dute, ozen.

Halaber, zehaztu dute denak ez direla ongietorriak izanen Bascara «lurralde askean». «Kanporatu eginen ditugu Espainiako Estatuko indarrak, botereak eta autoritateak, eta debekatu eginen zaie etortzea».

Gainera, Bascarakoek ez dute nahi askapen ekintzak udalerri horretara mugatu daitezen. Are, urrats horiei segitzera deitu dituzte gainerako herriak ere. Nork bere autodeterminazio eskubidea aldarrika dezala nahi dute, «Kataluniako Errepublikaren parte izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.