Ainhoa Larunberi isuna ezarri diote, iazko Martxoaren 8ko gertaerengatik

Epaimahaiak ontzat jo du foruzainaren bertsioa, eta 2.400 euro ordaintzera zigortu du Larunbe, «erresistentziagatik».

Ainhoa Larunbe, epaiketara sartu aurretik, apirilean. IñIGO URIZ / FOKU
2022ko maiatzaren 7a
17:20
Entzun

Iazko Martxoaren 8an mugimendu feministak Nafarroako Parlamentuaren parean eginiko protesta bati loturik, 2.400 euroko zigorra ezarri diote Ainhoa Larunberi. Apirilean epaitu zuten hura, eta fiskaltzak hamabost hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen harentzat, autoritatearen aurkako atentatua egotzita. Azkenik, baina, epaimahaiak «erresistentziagatik» zigortu du Larunbe.

Sona handiko kasua izan da, besteak beste, une hartako bideo bat zabaldu zelako sare sozialetan. Irudietan, ikus daiteke Foruzaingoaren oldarraldi baten ondorioz hasi zirela istiluak: agente batek besotik heldu zion Larunberi, eta, pankartarekin estropezu eginda, lurrera joan ziren biak. Mugimendu feministak salatu zuen lurrera eroritako foruzainak berak ukatu egin zuela Larunbek eraso egin ziola, epaiketaren aurretik eginiko saioan. Fiskaltzak, baina, hasierako akusazioari eta zigor eskaerari eutsi zien.

Oso bestelakoa da, baina, epaimahaiaren ebazpena. Haren arabera, Larunbe «argazki batzuk egin eta pankartatik gertu kokatu zen, leku hartan mantentzeko indar eginez». Hala, manifestarien eta foruzainen arteko talkan, hark polizia jo izana ontzat jo du, agentearen bertsioari men eginez. Era berean, gehitu du zabaldutako bideoa beste une batekoa dela: «Agentea akusatua hura identifikatzeko taldetik ateratzen ari zela, trabatu egin zen, eta biak lurrera erori ziren».

Larunbek akusazio oro ukatu zuen epaiketan, eta, Nafarroako Hitzak eginiko elkarrizketan «amorrua» eta «ezintasuna» sentitzen zituela azaldu zuen. Epaiketan, dozenaka lagunen babesa jaso zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren atarian. Nafarroako elkarte feministetako ordezkariek «mugimendu feminista osoaren aurkako» erasotzat jo zuten epaiketa: «Argia da bidali nahi duten mezua: desmobilizazioa eta beldurra. Prozesu honi segida ematea da mugimendu feministari eraso egitea. Kriminalizatu nahi gaituzte deserosoak garelako, kalean jarraitzen dugulako, hazten ari garelako eta gure diskurtsoa aurrera doalako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.