ATHLETIC 0-0 VALENTZIA

Sari eskasa jaso du Athleticek

Talde zuri-gorria Valentzia baino gehiago izan da San Mamesen, eta aukera garbiak izan ditu, baina ez da gai izan gol bat sartzeko, eta berdinketarekin konformatu behar izan du. Vila-realek jokatu zain, zazpigarren postuan dago

Iñaki Williams, errematatu nahian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 7a
19:03
Entzun

Athleticek aukera ederra utzi du pasatzen Europarako sailkatzeko lehian bete-betean sartzeko. Hutsean berdindu du gaur Valentziarekin San Mamesen, eta, beraz, puntu bakarra eskuratu du. Nahikoa da sailkapenean Vila-reali aurrea hartu, eta zazpigarren postuaren jabe egiteko. Horixe da datorren denboraldian Europako lehiaketa bat jokatzeko aukera emango duen azken postua; Konferentzia liga, hain zuzen. Baina Unai Emeryk entrenatutako taldeak ez du jokatu oraindik jardunaldi honetan. Bihar ariko da, etxean, Sevillaren aurka. 52 puntu dituzte Athleticek eta Vila-realek, baina talde zuri-gorriak gol alde hobea du. Realak, aurretik duen lehen taldeak baino gol alde hobea du ere bai, baina talde txuri-urdina lau puntura dago. Aintzat hartzeko aldea da, hiru jardunaldi bakarrik falta baitira jokatzeko.

Egoera oso bestelakoa litzateke gaur ate aurrean eraginkor aritu izan balitz. Valentzia baino gehiago izan da, hark baino meritu gehiago egin ditu irabazteko, baina beste behin, eskas aritu da erasoan. Iñaki Williamsek, adibidez, dozena erdi aukera garbi huts egin ditu. Mamardaxvili atezaina izan da Valentziako jokalaririk onena. Zortea izan du ere bai, Villalibrek luzapenean buruz egindako erremateak langa jo baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.