Futbola

Eibar Bigarren Mailara jaitsi da, eta Realak bigarren postua ziurtatu du

Armaginek 3-1 galdu dute Atletico Madrilen aurka. Txuri-urdinek gutxienez puntu bat eskuratu behar zuten, eta 1-1 amaitu dute Granadillaren aurka. Horri esker, kanporaketa bat gutxiago jokatu beharko dute Txapeldunen Ligan.

Eibarreko Natalia Rose Atleticoko Baniniri baloia kendu nahian, gaur, Madrilen. SERGIO PEREZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 8a
15:14
Entzun

Joan den astean bezala, Lehen Mailako euskal taldeek albiste gazi-gozoak eman dituzte asteburu honetan ere: matematikoki Bigarren Mailara jaitsi da Eibar, eta bigarren postua ziurtatu du, berriz, Realak. Horri esker, kanporaketa bat gutxiago jokatu beharko dute txuri-urdinek datorren urtean estreinakoz jokatuko duten Txapeldunen Ligan.

Gaurko jardunaldiaren aurretik ere patua ia zehaztua zuten bi taldeek, baina matematikak berrestea falta zitzaien. Eibar joan den astean geratu zen ia aukerarik gabe, Vila-Realekin etxean berdinduta (1-1), eta gaur geratu da aukerarik gabe Atletico Madrilen zelaian galduta (3-1). Realak bi partidatan puntu bakar bat lortzea nahikoa zuen bigarren postua ziurtatzeko, eta gaur lortu du, Granadillaren aurka (1-1).

Atletico 3-1 Eibar

Eibarrek aukera gutxi izan ditu gaur. Atleticok 28. minutuan sartu du lehen gola, eta bigarren zatian utzi du neurketa erabakita, beste bi goli esker. Kundananjik sartu du ohorearen gola Eibarrentzat. Dena den, gaur irabazita ere, salbatzeko aukerarik gabe helduko ziren armaginak azken jardunaldira, Valentziak berdindu egin baitu, eta Vila-Realek irabazi.

Emakumezkoen Eibar 2020. urtean igo zen Lehen Mailara lehen aldiz. Iaz lortu zuten mailari eustea, baina aurten ez. Ana Junyent entrenatzaile berriarekin ekin zioten denboraldiari armaginek, baina 24. jardunaldian entrenatzailea aldatzea erabaki zuen zuzendaritzak. Jordi Ferron teknikariak ere ezin izan du, ordea, joera irauli.

Granadilla 1-1 Reala

Futbolaren beste aurpegia Realarena da. Denboraldi zoragarria egin dute Natalia Arroyoren neskek, eta gaur errematatu dute, Granadillaren aurka beharrezkoa zuten puntua lortuta.

Neurketa ez da ondo hasi, Granadillak lehen minutuan sartu baitu gola. Atsedenaldiaren aurretik lortu du Realak partida berdintzea: jokaldi bikaina egin du Amaiurrek, eta Mirarik baloiari bultza besterik ez dio egin behar izan. Bigarren zatian txuri-urdinenak izan dira gol aukerarik onenak, baina berdinketa balio izan die. Datorren astean Alavesen aurka jokatuko dute, Zubietan; egun egokia lorpenak ospatu eta denboraldia agurtzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.