Sionismoa

Hapoel Holonen jarraitzaileek eraso sionistak egin dituzte Bilboko Alde Zaharrean

Ertzaintzak bi gazte atxilotu zituen, bat bera ere ez israeldarra. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan duenez, istiluak «bakan batzuek» sortu dituzte, eta ez lukete «hiri ekitaldi handi bat ilundu behar».

Hapoel Holoneko jarraitzaileak, atzo, Palestinako bandera bati su ematen, Bilbon. ERNAI BILBO
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 8a
18:27
Entzun

Bilboko hainbat eragilek salatu dutenez, Hapoel Holon saskibaloi taldearen jarraitzaile sionistek Bilboko Alde Zaharreko hainbat tabernari eraso zieten atzo eguerdian, hirurak aldera, eta gutxienez bi bizilagun zauritu zituzten. Taberna batean zegoen Palestinako bandera bat lapurtu eta erre zuten, baita terrazetan kalteak eragin ere, besteak beste. Salatu dutenez, «hori guztia Bilboko Udalaren babespean»; Ertzaintzaren geldotasuna gaitzetsi dute.

Gaur, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak adierazi du bi gazte atxilotu zituztela istiluekin lotuta. Atxiloturikoak ez ziren israeldarrak. Lehenengoa Villarias kalean hartu zuten preso, 18:15ean, «desordena publikoak» leporatuta. Bigarrena Areatza inguruan atxilotu zuten, «desobedientzia» egotzita.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan duenez, istiluak «bakan batzuek» sortu dituzte, eta ez lukete «hiri ekitaldi handi bat ilundu behar». Txapelketa Bilbon egin izanak hiria berriz ekitaldi handien zirkuitura eraman duela gaineratu du. Nabarmendu duenez, saskibaloiko Txapeldunen Ligako lauko finalak «gure hotelak bete ditu».

Bestalde, «eraso ultra sionistei aurre egiteko», elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean San Anton zubian, Bilbo Zaharreko Auzokideek deituta. Deialdiarekin bat egin zuten Bilboko Sortuk, Bilboko Kontseilu Sozialistak eta AZET Etxebizitza Sindikatuak, besteak beste.

Asteburu honetan saskibaloiko Txapeldunen Ligako lauko finala jokatu da Bilbon. Lehian izan diren taldeetako bat izan da Israelgo Hapoel Holon, eta haren 2.000 zale inguru bildu dira Bizkaiko hiriburuan. Beste hiru taldeak ziren Kataluniako Manresa, Kanaria Uharteetako Tenerife eta Alemaniako Ludwigsburg.

Hapoelek galdu egin zuen ostiralean Teneriferen aurka jokatu zuen finalaurrekoa, eta atzo arratsaldean Ludwigsburgen aurka jokatu zuen hirugarren postua erabakitzeko lehia. Galdu egin zuen hori ere (88-68). Neurketa horren ostean, Ertzaintzak babestuta jaitsi ziren Hapoel Holonen jarraitzaileak Miribillatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.