Gerra Ukrainan

Putin: «Mundu gerra baten izugarrikeriak ez du berriz gertatu behar»

Garaipenaren Eguna ospatzen ari dira Errusian. Ukrainako inbasioari buruz mintzatu da Putin. Mendebaldeari leporatu dio «entzungor» egitea «segurtasun sistema berri bat» sortzeko egindako deiei. Zelenskik, berriz, ez du zalantzarik: «Irabazi egingo dugu».

Putin, gaur, Moskun, Garaipenaren Egunaren ospakizunean. MIKHAIL METZEL / KREMLIN POOL /
Nagore Arin - Mikel O. Iribar
2022ko maiatzaren 9a
10:30
Entzun

Egutegian gorriz nabarmendutako eguna da gaur Errusian: sobietarren garaipena ospatzen ari dira, nazien aurkako guduan garaipena lortu zuten egunaren 77. urteurrena. Garaipenaren Eguna izendatua dute, eta Mosku hiriburuan eginiko desfile militar erraldoi batekin hasi dute ospakizuna. Plaza Gorrian izan da Errusiako presidente Vladimir Putin, eta Ukrainako inbasioari buruzko adierazpen ugari egin ditu. «Mundu gerra baten izugarrikeriak ez du berriz gertatu behar». Hitz horiek azpimarratuz hasi du bere hitzaldi tradizionala, eta nabarmendu du bere soldaduak «Donbass babesteko» ari direla Donbassen bertan borrokatzen.

Errusiak herrialde horrekin izan duen jarrera justifikatu du jarraian: AEBak eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren herrialdeak «Errusiaren aldameneko lurraldeak esploratzen» hasi zirela esan du. «Mendebaldearen mehatxua mugaz bestalde genuen». Halaber, salatu du Errusiak Mendebaldeari iazko abenduan «segurtasun sistema berri bat» sortzeko egindako deiei «entzungor» egin ziela, «Donbass eta Krimea lurraldeen inbasioak prestatzen ari zirelako». Washingtoni ere mintzatu zaio hitzartzean: arma modernoen eta azpiegitura militarren bidez Ukrainako naziak babestu dituela leporatu dio Errusiako agintariak Washingtoni. Halaber, nabarmendu du AEBak beren balioak inposatzen saiatu zirela SESB erori ondoren, baina beraiena «beste herrialde bat» dela, «beste izaera bat» eta «bestelako balioak» dituena.

Hala, «operazio militar bat» egitea «erabaki zuzen bakarra» izan zela adierazi du: «Erabaki behartu bat izan zen, aproposa. Herrialde subirano, indartsu eta independente batentzat erabaki posible eta zuzen bakarra». Ondoren, mezu hau bidali die armadako soldaduei eta Donbassko errusiazaleei: «Aberriaren alde borrokan ari zarete, haren etorkizunaren alde, inork ahaztu ez ditzan Bigarren Mundu Gerrako lezioak eta munduan ez dadin lekurik egon borreroentzat, errepresiogileentzat eta nazientzat».

Amaitu baino lehen, isiltasuna eskatu du gatazka armatuan hil diren soldadu errusiar guztien eta haien familien omenez. Halaber, iragarri du laguntza gehiago emango dituztela Ukrainako inbasioan hil diren eta zauritu diren militar errusiarren familientzat.

Putini erantzunez Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik bideo mezu batean nabarmendu duenez, «Ukrainak laster garaipenaren bi egun ospatuko ditu, eta beste herrialde batzuek, berriz, bat bera ere ez». Haren hitzetan, Ukrainako armada «garaipen berri baterakoz borrokatzen ari da». Geroari begira «itxaropentsu» agertu da Zelenski: «Bidea zaila da oraindik, baina ez dugu zalantzarik gerra irabaziko dugula». NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, berriz, gaurko eguna baliatu du Errusiako agintariei eskatzeko Ukrainako gerra amai dezatela.

Odesa, jopuntuan

Errusiak Donbass eskualdea «askatzeko» lanean jarraitzen duen bitartean, Ukrainako agintariek gaur goizaldean salatu dute Errusiako soldaduek «hainbat misil» jaurti dituztela Odesa hiriaren (hegoaldea) aurka. Kieven arabera, erasoak Krimeatik egin dituzte, Reuters berri agentziak jaso duenez. Kremlinek Ukrainari Itsaso Beltzerako sarbidea blokeatzea du helburu, eta, horretarako, besteak beste, Odesa eta Mikolaiv oblastak ezinbestean okupatu behar ditu.

Mariupol hiriko (Donetsk oblasta) Azovstal altzairutegian, berriz, Errusiako soldaduek berriz ere erasora jo dutela jakinarazi du hiriko alkatearen aholkulari Petro Andriuxtxenkok, NBE Nazio Batuen Erakundearen konboi bat erretiratu eta berehala. Kieven esanetan, altzairutegian harrapatuta zeuden haur, emakume eta adineko guztiak ebakuatu dituzte. Zelenskik, berriz, aitortu du «ia ezinezkoa» dela industriagunean bertan gotortuta dauden Ukrainako soldaduak eta Azov batailoi paramilitarrak erreskatatzea —eskuin muturreko talde armatu bat da—. Bide beretik, Errusiari egotzi dio ebakuaziorako ahaleginak blokeatzea. Mariupolen geratzen diren erresistentzia gune bakarretakoa da Azovstal altzairutegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.