Subiratsek «datozen asteetan» onartu nahi du Espainiako unibertsitate lege berria Ministroen Kontseiluan

LOSU Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren zirriborroa aurkeztu du Unibertsitate ministroak. Ikasketa laburragoak egiteko eta etenaldi akademikorako aukera jasotzen du, eta profesionalen egonkortasuna du xede.

NUP Nafarroako Unibertsite Publikoa, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 9a
12:24
Entzun

Baliteke Hego Euskal Herriko hezkuntzan aldaketak egotea berriz ere, unibertsitatean oraingoan: Joan Subirats Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroak gaur goizean aurkeztu du LOSU Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren zirriborroa, Jose Manuel Pingarro unibertsitateetako idazkari nagusiarekin batera. Legealdi honetan onartzea dute xede, eta, horretarako, «datozen asteetan» eraman nahi dute Espainiako Ministroen Kontseilura.

Manuel Castellsen lekua hartuta, Subiratsek esku artean duen proiektu nagusia da LOSU. Besteak beste, unibertsitateetako langileen egonkortasuna lortzera bideratuta dago. Unibertsitate Ministerioko bi ordezkarien esanetan, lege berriarekin lan prekaritaterik ez egotea nahi dute, sistema egonkortzea eta langile gazteagoak edukitzea. Horretarako, neurri batzuk jasota daude testuan: aldi baterako kontratuak gehienez %40 izatea baimentzen du egungo legeak, eta %20ra jaistea jaso dute, esaterako. Gainera, Pingarronek azaldu duenez, legeak karrera akademiko egonkorragoa eta laburragoa diseinatu du. Hauxe helburua: unibertsitate irakaslea izango den pertsona oro hamar urteren buruan egonkortzea.

Bestelako zenbait neurri ere badaude lege berrian. Besteak beste, finantzaketaz mintzo da: BPG barne produktu gordinaren %1 izatea nahi dute. Gainera, lehenengo aldiz, etenaldi akademikorako eskubidea ere jasoko du, eta, horrenbestez, arrazoi horrengatik eskoletara joaten ez diren edo azterketa batera aurkezten ez diren ikasleek ez dute ondoriorik izango.

Ikasketetan ere, berritasunak: ikasketa motzago batzuk izango dituzte ikasleek aukeran, etengabeko formakuntza sustatze aldera. «Bizitza osoko formakuntza modu desberdinetan egin ahal izango da, baita mikrokredentzialen, mikrograduen eta bestelako programa laburren bidez ere», dio testuak. Ministroaren hitzetan, titulu horiek propioak izango dira, ez ofizialak, eta lau kreditutik 40raino izango dituzte. Horietako batzuetan, ikasleak aurrez ez du beste titulurik eduki beharrik izango.

Errektorea aldatzeko modua ere aldatuko dute. Hautagaiek funtzionario doktoreak izan beharko dute, eta unibertsitate bakoitzaren esku egongo da gainerako baldintzak ezartzea. Gainera, errektorearen agintaldia sei urtekoa izango da, eta ezingo da luzatu.

Etorkizunera begira jarrita

Eta hori guztia zertarako? Subiratsek argi du: «[LOSU] Unibertsitateak gizartearekin lotuago egotea nahi duen lege bat da, sistema nazioartekotzea nahi duena». «Premiazko» deritzo hura onartzea: «Premiazkoa den lege bat da; arau esparru berria behar dugu unibertsitatearen erronkei aurre egiteko, garai aldaketa honi aurre egiteko tresnak eskaintzen dituena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.