Musika

Mikel Kazalisek kontzertuak utziko ditu «denbora batez»

Musikariak berak adierazi duenez, ez da gai «kontzertu batean %100 emateko», 2019. urtean pasatu zuen minbiziak utzitako ondorioengatik. «Denbora batez desagertu» egingo dela esan du.

Mikel Kazalis 2020. urtean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 9a
14:59
Entzun

«Kontua da orain ez naizela gai kontzertu batean %100 emateko (ezta nire bizitzako beste alor batzuetan ere), eta badakizue hori izan dela beti egin izan dudana, dena eman. Beraz, desagertu egingo naiz denbora batez (seguru asko hilabeteak), eta esan nahi nizuen ez zuzentzeko nigana, aldenduta egongo bainaiz. Espero dut laster zuek berriro ikustea, indarberrituta, eta lehen baino indar handiagoarekin. Soilik gero arte bat da». Mezu hori plazaratu du gaur goizean Mikel Kazalis musikariak, Mikel Anestesia-k.

Zarauztarrak «minbizi oso larri bat» pasatu zuen 2019. urtean, eta «ondorio latzak» utzi zizkion gaitzak. Besteak beste, tratamenduetan eman zizkioten botikek utzitako «kalte kimikoak» aipatu ditu Kazalisek; gaur egun oraindik pairatzen ditu «haiek utzitako ondorio gogor batzuk». Esan du agian egunen batean sakonago hitz egingo duela gai horri buruz.

Minbizia pasatuta, Anestesiak 2020ko urrian zuen oholtzetara itzultzeko asmoa, Fenix Tour izeneko bira batekin. Orduan Kazalisek BERRIAri aitortu zionez, «infernua» bizi izan zuen gaitzaren ondorioz, eta «bizirik sentitzea zer den» aldarrikatu nahi zuen zuzenekoetan. «Ondo» zegoela esan zuen, baina gaixotasunaren «aztarna batzuk» bazituen oraindik.

Bukatu gabeko kapitulua

Aitortu zuen kapitulu hori itxi gabe zuela: «Eta ez dakit inoiz ixten den ere. Kontrolatu egin behar da; gorputzak egin du behin, eta berriro egiteko gaitasuna baduela badakigu. Orain, hiru hilabetean behin azterketa medikoak egin behar ditut, eta bitartean ahalik eta ondoen zaindu. Baina bai, egia esan, 2019a oso gogorra izan zen niretzat». Ondorio horiek eragotzi diote zuzenekoekin jarraitzea ere.

Azkenean, Anestesia ez zen itzuli 2020an; Kazalis iazko uztailean igo zen berriz ere oholtzara, Irisarrin (Behe Nafarroa), EHZ festibalean. Ondoren beste kontzertu batzuk atzeratu behar izan zituen taldeak, eta Fenix Tourren data berriak iragarri zituzten. Kontzertu bakarra eman ahal izan dute, ordea: otsailaren 26an, Atarrabiako (Nafarroa) Totem aretoan. Gasteizen eta Ondarroan (Bizkaia) eman behar zituen kontzertuak atzeratu ostean atera zuen komunikatu bat taldeak, esanez denboraldi batez kontzertuak utziko zituela. Gaur argitu ditu arrazoiak Kazalisek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.