Euskara hezkuntzan

Estatistikak «faltsutu» izana egotzi diote HE Gurasoek Iruñeko Udalari

Zerbitzua euskaraz jaso nahi dutenen zenbatekoa udalak adierazitakoa baino handiagoa dela nabarmendu du plataformak. Hala ere, auzia «eskubideen eremura» eramateko eskatu du, eta instituzioei eskatu die euskara ikasi ahal izatea bermatzeko.

HE Gurasoak taldeak egindako mobilizazio bat, iazko otsailean, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko maiatzaren 9a
15:38
Entzun

Hurrengo ikasturteko Iruñeko haur eskola publikoetako aurrematrikulazio datuak aztertu ditu HE Haur Eskoletako Haur Eskoletako Gurasoak taldeak, eta ondorioztatu du Iruñeko Udalak adierazten duena baino nabarmen handiagoa dela zerbitzu hori euskaraz jasotzearen alde daudenen kopurua. Horregatik, datuak bihurritu izana egotzi dio udalari: «Euskarazko eskaria %20 mugatu du, estatistika faltsuak eta bere nahiaren araberako propaganda eginez. Euskarazko eskaintza dagoen tokietan, euskararen eskaria, batez beste, %35,2koa da».

Plataformak, hala ere, gogorarazi du gutxiengoa direla zerbitzua euskaraz ematen duten haur eskolak. Zehaztu duenez, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren eskumeneko hamazazpi haur eskola daude hiriburuan, eta hamarrek «gaztelaniazko murgiltzea» dute. Euskarazko murgiltzea aplikatzen duen haur eskola bakarra dago, eta beste seitan eredu mistoa dute. Gaineratu du horietako batzuetan ingelesezko jarduerak ere egiten dituztela. Egoerarik larriena hiriaren hego-mendebaldeko auzoetan dute, plataformaren arabera, zeinetan %0koa baita euskarazko eskaintza.

Eskariaren eta eskaintzaren arteko harremanaren arabera aztertu ditu plataformak hiriko auzoetako haur eskolak. Hala ere, nabarmendu du euskara ezin dela neurtu «eskaria-eskaintza parametroaren» arabera, eta, aitzitik, ume guztiek dutela euskaraz ikasteko eskubidea. Alde horretatik, instituzioak interpelatu ditu taldeak: «Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren euskarazko eskaintza murritz, geografikoki desorekatu eta ia murgiltze eredurik gabekoarekin bukatu beharra dago. Euskararen bazterkeriarekin bukatu eta eskubideen eremura pasatzeko garaia da. Euskarazko 0-3a gertu eta murgiltze ereduan behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.