Lan merkatua

Gipuzkoako enpresen %77 kexu dira kontratatzeko arazoak dituztela

Jarrera eta formakuntza falta dira gehien aipatzen dituzten arazoak. Adegik ohartarazi du hogei urteetan 80.000 langile faltako direla

Langile bat soldaketa lanetan, Gipuzkoako fabrika batean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko maiatzaren 9a
16:55
Entzun

Gipuzkoan 30.791 lagun daude langabe gisa erregistratuta Lanbideren bulegoetan, eta biztanleria aktiboari buruzko inkestek diote langileen %7 daudela lanik gabe. Baina, hala ere, lurraldeko enpresen %77 kexu dira ez dituztela behar dituzten langileak aurkitzen. Oharra ez da guztiz berria, baina berriro azaleratu du Adegik, bere bazkideen artean egindako inkesta baten bitartez. Bi dira arazo nagusiak: enpresen %56k diote langileen beraien «jarrera, prestutasuna eta interesa» oztopo dela kontrataziorako; beste hainbatek nabarmendu dute hautagaiek ez dutela «formakuntza edo espezializazio» egokia.
Gipuzkoako patronalaren inkestak agerian utzi du kontratatzeko arazoak handiagoak direla zerbitzuetan (%90 kexu dira), eraikuntzan eta industrian baino (%67-68). Soldatak ez dira agertzen oztopoen zerrendan, baina bai, ordea, langileen esperientzia falta (%38) eta «lanorduekiko interes falta» (%20).

Beste arazo bat demografikoa da. Azken urteetan gehiago dira erretiroa hartzen dutenak lan merkatura sartzen direnak baino, eta tarte hori handitu egingo da hurrengo urteetan, biztanleriaren piramideko marra luzeenetakoek erretiroa hartu ahala. Horrela, Adegik nabarmendu du aurten 10.000 lagunek beteko dituztela 62 urte, baina 7.000k besterik ez 24 urte.

Tarte hori handituko denez, «hurrengo hogei urteotan 80.000 pertsonako defizita sortuko da Gipuzkoako lan merkatuan». Kalkulu horrek ez du kontuan hartzen hutsune hori betetzeko faktore garrantzitsu bat: immigrazioa.

Lan merkatuan ez ezik, demografia Gizarte Segurantzaren kontuetan ere ondorio handiak izaten ari dela azpimarratu du Adegik: 2021. urtean beste 6.861 erretiratuk jaso zuten pentsioa, eta 5.349 lagunek utzi zioten pentsioa jasotzeari, gehientsuenak hil egin zirelako. Horren ondorioz, erretiro pentsioetan egiten den gastua bikoiztu egin da 2008ko urtarriletik 2022ko urtarrilera: 97 milioi euro ziren lehen, eta 192,8 milioi orain.

Goi ikasketekin, hobeto

Enpresek behar dituzten langileen inguruan zenbaki bat nabarmentzen da: lau enpresatik hiruk goi ikasketak dituzten langileak kontratatuko dituzte, unibertsitate titulua dutenak (%44) eta lanbide heziketako goi ikasketak dituztenak (%33). Oinarrizko lanbide heziketa dutenentzat izango dira lanpostuen %19, eta soilik %7 batxilergoa edo hori baino gutxiago dutenentzat.

Unibertsitateko titulu preziatuenak dira industria ingeniaritza (%28), beste ingeniaritzak (%26) eta informatika (%14). Enpresen kudeaketa, ekonomia eta zuzenbidea ikasi dutenentzat izango dira lanpostuen %16. Adegik nabarmendu du gora egin duela eskaintzak filologia eta turismoa ikasi dutenentzat.

Goi lanbide-heziketan, lau dira gehien eskatzen diren ikasketak: fabrikazio mekanikoa, elektrizitatea eta elektronika, enpresen kudeaketa eta informatika. Ostalaritza eta turismoa ikasi dutenentzat ere aukerak handitu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.