Futbola

Oier Sanjurjok ez du Osasunan segituko

Kontratua ez berritzea erabaki du klubak. Talde gorritxoarekin partida gehien jokatu dituztenen artean seigarrena da lizarratarra. Zaleek maiatzaren 19an izanen dute kapitainari agur esateko aukera; omenaldia eginen dute Sadarren.

Oier Sanjurjo, urtarrilean, Osasunaren entrenamendu batean. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko maiatzaren 9a
19:21
Entzun

Agur kapitainari: Osasunan jokatzeari utziko dio Oier Sanjurjok. Izan ere, denboraldia bukatzearekin batera iraungiko da Lizarrako jokalariaren eta Osasunaren arteko harremana; hala jakinarazi du gaur klubak, arratsaldean argitaratutako ohar batean. Oraingoz, ez klubak ez jokalariak ez dute zehaztapen gehiago eman kontratuaren etenaren gainean. Hura ez dela luzatuko adierazi du klubak, ez besterik. «Harrobiko jokalariak futbolari gorritxoa izateari utziko dio», idatzi dute oharrean; «Lotura ez da luzatuko».

Joanaren arrazoietan sakondu ez, baina agur mezua zabaldu du kapitainak sareetan –agentziaren bidez–, «familia gorritxoari» eskainia. Honela dio, besteak beste: «Agur esateko ordua iritsi da. Hunkitu naiz, ahalegindu naiz, sentitu dut eta negar ere egin dut. Zuen guztien maitasuna hurbiletik jaso dut, eta horrek poztu eta bete egiten nau, benetan. Betirako eskertua, zuen kapitain Oier».

2007ko abenduaren 12an egin zuen debuta lehenbiziko taldearekin Oierrek. Ordutik, hamalau denboraldi guztira. 353 partida egin ditu taldearekin Osasunaren elastikoa soinean. Bada zer. Zehazki, talde gorritxoarekin partida gehien jokatu dituztenen artean seigarrena da 36 urteko lizarratarra.

BERRIAk joan den urtarrilean elkarrizketatu zuen Oier azkenekoz. Orduko hartan dagoeneko, etorkizunari buruz egin zion galde Eñaut Agirrebengoa kazetariak. Taldean lekurik izanen zuen galdetuta, jokalariak aitortu zuen «protagonismoa galdu» zuela, eta taldearekin segitzea guztiz garbi ez zegoela iradoki zuen hitz erdizka: «Nik jarraitu nahi dut, noski, baina faktore asko hartu behar dira kontuan. Elkarrizketa seriorik ez da izan oraindik»

Ikusi gehiago: «Arima eta fedea falta zitzaizkigun, baina buelta eman diogu egoerari»

Osasunak datorren maiatzaren 19an omenduko du Oier, Sadarren. Ekitaldia eginen diote, «merezitako agurra izan dezan», klubaren esanetan. Hain zuzen, Osasunaren izenean, Luis Sabalza entrenatzaileak jokalariaren izaera eredugarria azpimarratu du. «Zenbakiak alde batera utzita, Oier kapitain eredugarria dela nabarmendu nahi nuke, beti Osasunaren balioak bikain irudikatu dituena. Eta hau bai zelai barruan, beti azken izerdi tantaraino uztera eraman duten atzapar eta ahalegin horrekin, bai kanpoan». Eskerrak eman dizkio, eta klubean arrastoa utziko duela azaldu. «Oier Osasuna izan da, da eta izango da».

Bai eta zelaitik kanpo ere

Futbolean erdietsitako lorpenen eta emandako pausoez harago, lizarratarrak franko ahalegin egin du estadioetatik kanpoko zenbait esparrutan ere. Aipatzekoa da, esaterako, euskararen aldeko egitasmoei azaldutako babesa. Izatez, lizarratarra izan da azken urteotan Osasuna euskaldunaren ikur. Hark ordezkatu du talde gorritxoa, besteak beste, Korrikan eta Euskaraldian, baita norbanako gisan parte hartu ere. Hain zuzen ere, euskararen aldeko Euskara aurreraekinbidea babestu du berriki.

Ikusi gehiago: Oier Sanjurjo, Korrikari buruz: Argazki itzel bat

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.