Ekuador

Gutxienez 44 preso hil dituzte espetxe bateko matxinadan

Azken bi urteotan laurehun gatibu baino gehiago hil dituzte herrialde hartan. 108 preso ihes eginda daude.

Polizia presoak eramaten Santo Domingo de los Tsachilas espetxetik, Guayaquil hiriko Roca espetxera. EFE/ JOSé JáCOME
2022ko maiatzaren 10a
10:06
Entzun

Matxinada piztu zen atzo Ekuadorko Santo Domingo de los Tsachilas espetxean, eta, agintariek esan dutenez, gutxienez 44 preso hil dituzte. Quito hiriburutik 150 kilometrora dago espetxea.

Bi talderen arteko lehia dago matxinadaren atzean, herrialdeko Barne ministro Patricio Carrillok azaldu duenez: Los Lobos (Otsoak) eta R7.

Agintariek zabaldu dutenez, labana eta aiztoekin egin dute sarraskia. Baina onartu dute segurtasun handieneko pabiloian lau fusil, hiru pistola, errebolber bat eta granadak aurkitu dituztela.

Gutxienez 220 presok egin dute ihes matxinadan. Horietako 112 atxilotu dituzte, baina beste 108k ihes eginda jarraitzen dute.

«Ez dugu amore emango mafiei. Konpromiso irmoa dugu kartzelen kontrola berreskuratzeko», adierazi du Guillermo Lasso presidenteak Israeldik, han baitago bisita ofizialean.

Matxinadan parte hartu zuten taldeak lehian dabiltza Ekuadorko kostaldean narkotrafikoaren kontrola eskuratu nahian, eta besteak beste kokaina Europa eta AEBetara esportzatzeko negozioa.

2021. urtean 36.000 preso zeuden herrialdean, eta horietako %40 epaitu gabe zeuden.

Halako matxinadak eta sarraskiak ohikoak dira espetxeetan. 2020. urtean 46 preso hil zituzten, baina hurrengo urtean, beste 316. Aurten dagoeneko 64 hil dituzte. Beraz, denera, 400 gatibu baino gehiago hil dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.