Adierazpen askatasuna

Pablo Gonzalezen egoeraz ohartarazi dute Nafarroako Parlamentuan

Nafarroako Parlamentuko Elkarbizitza eta Nazioarteko Elkartasun Batzordean egon dira Gonzalo Boye abokatua eta Oihana Goiriena Pablo Gonzalezen bikotekidea.

Pablo Gonzalez. PABLO GONZALEZ
jon olano
2022ko maiatzaren 10a
11:17
Entzun

Bi aste barru beteko dira hiru hilabete Pablo Gonzalez kazetari bizkaitarra Polonian atxilotu zutenetik, eta, gaur, Nafarroako Parlamentuko Elkarbizitza eta Nazioarteko Elkartasun Batzordean egon dira Gonzalo Boye abokatua eta Oihana Goiriena Pablo Gonzalezen bikotekidea. Haren egoera juridikoaren berri eman du Boyek, eta Gonzalezen egoeraz daukaten informazio apurraz ohartarazi zuen Goirienak. PSNk, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, Geroa Baik eta Ezkerrak elkartasuna adierazi diote familiari, baina jarrera diferenteak erakutsi dituzte Espainiako Estatuak izandako jarreraren inguruan.

«Ez dakigu luzatuko den behin-behineko espetxealdia; ez dakigu zein den akusazioaren edukia, zer arrazoi legal dagoen Pablok izendatutako abokatu bat bisitan joan ezinik egoteko, senideak harekin harremanetan jarri ezinik egoteko», azaldu du Boyek: «Pablok ez du sortu bigarren nortasun bat; beti izan ditu bi identitate, eta ez dugu ulertzen nolatan izan dezakeen Poloniak nahasmenik dokumentazioarekin frogatu daitekeenarekin». Gaineratu duenez, Espainiako kontsula kenduta, «ez du ematen Espainiako autoritateak kezkatuta daudenik Pabloren egoeraz, eta ez dute askorik egin haren oinarrizko eskubideak berrezartzeko». Era berean, Boyek esan du hiru hilabeteko inkomunikazio aldia «basakeria bat» dela, «Pabloren borondatea aldatzeko erabil daitekeelako».

Goirienak, berriz, azaldu du «oso gutxi» dakitela Gonzalezen inguruan: «Ondo dagoela osasunez, ondo dagoela indarrez, baina ez dakigu askoz gehiago. Oso gogorra da».

Taldeen elkartasuna

Inmaculada Jurio PSNko parlamentariak hartu du hitza ondoren. Azaldu du «guztiak» datozela bat Gonzalezekiko kezkarekin, eta ulertzen duela «atxikimenduak bilatzea» Gonzalezen egoerari lotuta: «Alderdi Sozialista bezala, zuek ez baduzue informaziorik, ezer gutxi gehiago egin dezakegu guk. Adieraz dezakegu Espainiako Estatuak, bide diplomatikoen bidez, egin beharreko jardunbideak egin dituela; hala egin da kontsularen bidez eta harreman diplomatikoen bidez». Juriok erantsi du taldeek ez dutela «ezertan laguntzen alegatu politiko hutsak eginez eta ezagutzarik gabe kritikatuz beste herrialde batzuetan egindakoak».

Laura Aznalek ere (EH Bildu) elkartasuna adierazi dio Goirienari, eta salatu du Poloniak ez duela frogarik aurkeztu atxiloketa justifikatzeko: «Badirudi soilik Pabloren jatorriari lotuta dagoela». Aznalen iritziz, «Espainiako autoritateek ez dute salaketa politiko irmorik egin» Gonzalezen egoeraren inguruan, eta gogorarazi du munduan gaur egun 360 kazetari baino gehiago daudela preso: «Prentsa askatasunaz ari gara; zer-nolako herritartasuna eraiki nahi dugu prentsa askatasunik gabe? Zergatik Espainiako hedabide nagusiek ez diote lekurik eman albisteari? Espainia ezin da eredugarria izan; hemen Egunkaria itxi da, ondoren epai batek esan bazuen ere ez zela itxi behar».

Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarezek, berriz, azaldu du Espainia 32. postuan dagoela prentsa askatasunaren sailkapenean, iaz baino hiru postu atzerago, eta Poloniak urratu egin dituela Europako giza eskubideen gutuneko hemezortzi artikulu; osotasun fisikorako eskubidea, giza duintasunerakoa, bere komunikazioak errespetatzekoa eta adierazpen askatasuna. Europako Batasunean «aurrekaria» sortzen duela ohartarazi du Aznarezek.

Marisa de Simonek (Ezkerra) salatu du Polonia nazioarteko legeria «guztiaren gainetik igarotzen» ari dela: «Haren posizioa edozein dela ere, pertsona baten atxiloketa eta inkomunikazioa erabat legez kanpo dago. Nola azaldu daiteke haren familia eta abokatuak ezin komunikatzea, gainera frogarik egon gabe?».

Jabi Arakamak ere (Geroa Bai) ohartarazi du ez direla betetzen ari atxilotuaren giza eskubideak. Prentsa askatasuna eta, harekin, adierazpen askatasuna babestu beharraz jardun du: «Axola behar digu Europako Batasuneko herrialde baten aldetik jasaten ari den tratu ez-duinak. Forma onartezinez harago, ez dakit abisu bat den; baina badakit onartezina dela Pabloren eta ingurukoen deshumanizazioa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.